Irailaren 21ean hasiko dira Iturengo Igerizarretako presa botatzen

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 20a, 09:18

Igerizarretako presa Iturenen. Gorriz markatuak ageri dira botako ez diren eta zaharberrituko diren zatiak.

Ingurumen Departamentutik jakinarazi dutenez, 300 urte baino gehiago dituzten osagaiak ez dituzte botako

Pirinio aldeko erreka eta ibaien permeabilizazioa bultzatzeko Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak elkarlanean garatzen ari diren Life-Irekibai egitasmoaren baitan dago Ezkurra errekan Iturengo Igerizarreta presa botatzea ere. Irailaren 21ean, ortzegunean hasiko dira lanekin, baina Ingurumen Departamentutik jakinarazi dutenez, 300 euro baino gehiago dituzten osagai bereziak errespetatuko dituzte: erdiko pilarea eta bazterretako horma-bular edo estribuen hasiera.

 

Berez irailaren 12an, joan den asteartean hastekoak ziren lan horretan, baina egun horretan, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio, Ingurumena eta Lurralde Antolaketako teknikariak izan ziren presa inguruan eta azken egunetako eurien ondorioz ur-emari handia zela eta bertan behera utzi zuten lanen hasiera. Baina behin betiko atzerapena bertzerik ez zen izan eta, aipatu bezala, irailaren 21ean, ortzegunean hasiko dira eraiste-lanetan, aipatutako osagai horiek errespetatuz eta zaharberrituz, Ingurumen Departamentuko eta GAN-NIK (Gestión Ambiental de Navarra-Nafarroako Ingurumen Kudeaketa) enpresa publikoko langileek jakinarazi dutenez.

Herrian ere eztabaida sortu da obra honen inguruan. Aurtizko bizilagunek batzarra egin zuten eta hiru mendetako historia duen Igerizarretako presa intereseko ondare izendatzea eskatu zuten ahobatez: «Moldatzea ongi iruditzen zaigu, baina ez botatzea, agindu hori geldiaraztea eskatzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun