Gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketak igandean jokatuko dituzte Doneztebeko Bear Zanan

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 15a, 07:53

Urteak daramazki Laxoa elkartea gaztetxo mailako txapelketa antolatzen. Argazkian, 2000. urteko finala.

Gaztetxo mailan Oizek eta Doneztebek neurtuko dituzte indarrak eta gazte mailan, Arraiozek eta Oizek 

Laxoa Elkarteak antolatutako gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketan finalak jokatuko dituzte irailaren 17an, igande arratsaldean Doneztebeko Bear Zana pilota plazan. Gaztetxoetan Oiz eta Doneztebe B eta gazteetan Arraioz eta Oiz izanen dira finalista.

 

Gaztetxo mailako finala igande arratsaldeko 4etan hasiko da. Oizekin Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Markel Leatxe eta Aimar Ariztegi ariko dira eta Doneztebe B taldearekin David Mitxeo, Eneko Maylin, Ander Ruiz eta Erik Garcia.

Txapelketako zortzi taldeek bi multzotan banatuta jokatu dute lehen faseko ligaxka. Multzo bakoitzean bi lehenbiziko sailkatuek jokatu zituzten final erdiak. Oizek bi partidak irabazi zizkion Irurita C-ri (1-7 eta 7-2). Doneztebe Bk lehen partida erraz irabazi zion Doneztebe Cri (7-2), baina bigarrena galdu arren (7-6), joko aldeari esker sartu da finalean.

 

Gazte mailan Arraioz eta Oiz

Gazte mailako finala igande arratsaldeko 5:30ean hasiko da. Arraiozekin Eki Etxandi, Josu Etxandi, Urki Etxandi eta Mikel Organbide ariko dira. Oiz taldean, Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Zorion Zelaieta eta Jon Oiarzabal ariko dira. Kategoria honetan bortz talde aritu dira eta ligaxkako bi lehenbizikoak sartu dira finalean. Ligaxkan, elkarren arteko partidatan bana irabazi dute Arraiozek (7-4) eta Oizek (7-1), bakoitzak bere plazan. Orain ikusi behar Bear Zanako plaza “neutralean” zer emaitza lortzen duten.

Nahiz eta orain arteko partida 7 jokotara jokatu, finaletako bi partidak 9 jokotara izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun