Erremonteko buruz buruko bosgarren txapela jantzi du Urrizak

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 11a, 07:54

Urriza txapeldun eta Uterga txapeldun ordea, sariak jaso ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Irailaren 9ko finalean 30-19 irabazi zion Xanti Uterga doneztebarrari

Buruz buruko Kutxabank 2017 erremonte txapelketa irabazi du Javier Urrizak. Irailaren 9an Galarretan jokatutako finalean 30-19 gailendu zitzaion Xanti Uterga doneztebarrari eta horrela, bosgarren txapela jantzi du Iruñekoak.

Markagailuak erakusten duena baino berdinduagoa joan zen partida. Lehen hiru tantoak Utergak egin zituen eta launa berdindu arte aitzinetik izan zen. 6-7 aitzinetik ere izan zen Uterga, baina bortz tantu segidan egin zituen Urrizak, lau tantuko lehen tartea lortzeko (11-7). 15-9 ere aitzindu zen, baina behin baino gehiagotan bi tantura hurbildu zen Doneztebekoa (15-13, 16-14, 20-18) berriz ere markagailua berdintzea lortu gabe. Hortik aitzinera nekea gehiago somatu zuen Utergak, pilota garbi batzuk huts egin zituen eta tantu bakar bat gehiago lortu zuen (23-19). Azkeneko zazpiak segidan egin zituen Urrizak, bosgarren txapela janzteko.

Txapeldunak 16 tanto egin zituen piloteoan eta 9 sakearekin. Lau pilota bakarrik galdu zituen. Utergak, berriz, 13 tanto egin zituen piloteoan, eta 2 sakearekin. Bortz pilota galdu zituen.

Urriza pozik zegoen bere bosgarren txapelarekin eta markagailuak erakusten duena baino final gogorragoa izan zela onartu zuen: «Partidaren erdi aldera momentu txarrak pasatu ditut, baina gainditzea lortu dut. Sakearekin asmatu dut eta horri esker lortu dut txapela janztea».

 

 

Xanti Uterga: «Nahi eta ezin aritu naiz» 

Utergak bazekien dena ongi egin behar zuela irabazteko eta sakearekin ez zuen bere eguna izan. «Nahi eta ezin aritu naiz. Gehiago sakatu du berak eta nik arras gutti. Ongi errestatzen du gainera. 20-18 eta gero egina nuen tanto batean pilotak ihes egin dit eta gehiago asmatu du gero berak. Niri aldiz hankak ez zidaten berdin erantzuten. Ezin da barkatu Urrizaren aurka. Finala egun handi izaten da eta hori pozik egotekoa da. Disfrutatzera irten naiz, arriskatzera eta 0-3 aurretik jarri naiz. Ikusten nuen posible zela irabaztea, baina ezin izan dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun