Sagardia-Goñi familia omenduko dute Gaztelun irailaren 2an

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 1a, 12:40

Legarreako zuloan oroigarria inauguratu eta gorpuzkiak lurperatuko dituzte Gazteluko hilerrian

Sagardia Goñi familiari omenaldia eskainiko larunbatean Gaztelun, Donamaria-Gazteluko Udalak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz antolatutako ekitaldian. Legarreko zuloan oroigarria inauguratzeaz gain, Josefa Sagardia Goñi eta bere sei seme-alaben gorpuzkiak hilerrian lurperatuko dituzte.

Iraileko lehen larunbat goizeko 10:30ean Legarreako zuloan oroitza monolitoaren inaugurazio ekitaldia eginen dute. 12:30ean, Gazteluko herriko plazan omenaldi ekitaldia eginen da, non familiakoei gorpuzkiak emanen zaizkien. Gorpuzkiak Gazteluko hilerrian lurperatuko dituzte ondotik. 14:30ean Gazteluko plazan herri bazkaria eginen dute.

Joan den urtean topatu zituzten hezurrak

Ikusmin handiz atera zituzten joan den urteko urriaren 12an Legarrea leizetik duela 80 urte hara botatako Juana Josefa Sagardia Goñi eta bere sei seme-alaben azken hezurdurak. Aranzadiko Paco Etxeberria eta Lourdes Errasti aritu ziren zeregin hori koordinatzen, eta azaldu zutenez, gorpuzkinak laborategira eraman eta informe tekniko bat eginen zuten “egia ofiziala” jakin zedin. Bertan zen kasua ikertu duen eta “La sima” liburua argitaratu duen Jose Mari Esparza historialaria eta Sagardia-Goñiren oinordekoak ere. Paco Etxeberria mediku forentse ezagunak aipatu zuenez, lur azpian 50 bat metrora egin zuten lana, kasik etzanda, ailegatzeko zaila den eremu batean. Familiako kide guztien hezurdurak ez ezik, haurren oinetakoen kautxozko zolak ere topatu zituzten, baita botoiren bat ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun