Laxoaren pilota soinua gailenduko da larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 25a, 14:30

Doneztebeko laxoa jokalarien jokoaz gozatzeko aukera izanen da larunbat goizean Bear Zana plazan.

V.Laxoa Torneoa jokatuko da eta bisita gidatu berezia eskainiko dute

Abuztuaren 26an, Bear Zana plazan Doneztebeko V. Laxoa torneoa jokatuko da. Lau talde arituko dira eta partaide guztiak doneztebarrak izanen dira, gazte eta ez hain gazteak. Goizeko 9etan jokatuko dute lehenbiziko finalaurrekoa lehenengo eta bigarren taldeek eta 10:30etik aitzinera hirugarren eta laugarren taldeek. Bi irabazleek finala jokatuko dute 12:00etatik aurrera. Zazpi jokutara jokatuko dira partidak. 

 

Lehendabiziko taldea Pascual Vertiz, Aimar Jabalera, Julen Etxebeste eta Julen Larretxeak osatuko dute. Bigarren taldean Jon Apeztegia, Xabi Ibarrola, Javier Vertiz eta Mikel Tajadura ariko dira. Hirugarren taldea Josu Juanena, Asier Mutuberria, Joseba Juanena eta Andoni San Martinek eta laugarren taldea Javiertxo Almandoz, Ramontxo Etxebeste, Unai Sapuppo eta Joseba Bengotxeak.

Laxoari buruzko bisita gidatua

Herriko laxoa torneoa jokatuko dela aprobetxatuz, bisita gidatu berezia ere eskainiko dute. Bertan laxoa partida toki pribilegiatu batetik eta zuzeneko azalpenekin ikusi ahal izanen da. Horretaz gain, munduko pilota modalitate desberdinei buruzko material erakusketa bisitatu eta azalpenak aditzeko aukera ere izanen dute bisitariek. Interesa dutenek 11:30ean Doneztebeko turismo bulegora agertu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun