Iraileko lehen larunbat goizeko 10:30ean Legarreako zuloan oroitza monolitoaren inaugurazio ekitaldia eginen dute. 12:30ean, Gazteluko herriko plazan omenaldi ekitaldia eginen da, non familiakoei gorpuzkiak emanen zaizkien. Gorpuzkiak Gazteluko hilerrian lurperatuko dituzte ondotik.
14:30ean Gazteluko plazan herri bazkaria eginen dute. Helduen menua 25 eurokoa izanen da eta haurrena 11 eurokoa. Bazkarirako izen emateko azken eguna abuztuaren 26a izanen da. Txartelak salgai daude Gazteluko Ostatuan eta Doneztebeko Titi ostatuan edo diru sarrera eginez ES72 3008 0050 30 3622837411 kontu zenbakian.
Joan den urtean topatu zituzten hezurrak
Ikusmin handiz atera zituzten joan den urteko urriaren 12an Legarrea leizetik duela 80 urte hara botatako Juana Josefa Sagardia Goñi eta bere sei seme-alaben azken hezurdurak. Aranzadiko Paco Etxeberria eta Lourdes Errasti aritu ziren zeregin hori koordinatzen, eta azaldu zutenez, gorpuzkinak laborategira eraman eta informe tekniko bat eginen zuten “egia ofiziala” jakin zedin.
Bertan zen kasua ikertu duen eta “La sima” liburua argitaratu duen Jose Mari Esparza historialaria eta Sagardia-Goñiren oinordekoak ere. Paco Etxeberria mediku forentse ezagunak aipatu zuenez, lur azpian 50 bat metrora egin zuten lana, kasik etzanda, ailegatzeko zaila den eremu batean.
Familiako kide guztien hezurdurak ez ezik, haurren oinetakoen kautxozko zolak ere topatu zituzten, baita botoiren bat ere.