Euskal Herriko ingude jasotze txapelketa hirugarren aldiz irabazi du Maika Ariztegi iturendarrak

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 16a, 09:39

Nafarroako (argazkian) eta Euskal Herriko ingude altxatze txapelketak irabazi ditu aurten Ariztegik.

Gizonezkoetan, Jon Lapazaran arabarra suertatu zen txapeldun 

Emakumezkoen eta gizonezkoen ingude-jasotze txapelketak jokatu dituzte abuztuaren 15ean, asteartean Amurrion (Araba). Pronostikoak bete eta Maika Ariztegi iturendarra txapeldun suertatu zen emakumezkoetan eta Arabako Jon Lapazaran gizonezkoetan.

 

2014an egin zen lehen aldiz emakumezkoen ingude jasotze txapelketa eta Maika Ariztegi suertatu zen txapeldun. 2015ean, aldiz, bigarren izan zen, Haizea Ziarrusta bizkaitarrak baino altxaldi bat guttiagorekin. 2016an, berriz ere txapela berreskuratu zuen Maika Ariztegik eta beraz, aurtengoarekin Euskal Herriko hirugarren txapela du modalitate honetan. Amurrion, 10 kiloko ingudearekin minutu eta erdian 96 altxaldi egin zituen Maika Ariztegik txapela janzteko, Iruñean lortu zuen errekorretik hurbil (99 altxaldi egin zituen orduan, baina 9 kiloko ingudearekin). Virginia Finol nafarra, Karmele Gisasola bizkaitarra eta Aurelie Vanschamelout lapurtarra izan zituen arerio.

Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien egiten. Pronostikoak betez, Jon Lapazaran arabarra nagusitu zen, 90 jasoaldirekin. Imanol Martin nafarra, Ioritz Pereira bizkaitarra eta Juan Carlos Lopez arabarra izan zituen arerio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun