Lurpekariak musika taldeak emanaldia eskainiko du Donamariako Jauregian abuztuaren 17an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko abu. 16a, 09:24
Lurpekariak taldeak eskainiko du emanaldia Donamariako jauregian ortzegun arratsean.

Kultur 2017 programazioaren baitan, ortzegunean 20:00etan eta bisita gidatuak ere eskainiko dituzte egun horretan

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuak antolatutako Kultur 2017 programaren baitan ekainaren 23tik irailaren 9ra musika, dantza eta arteko 40 emanaldi egiten ari dira Nafarroako 38 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Abuztuaren 17an, ortzegunean 20:00etan, Lurpekariak musika taldeak emanaldia eskainiko du Donamariako Jauregian.

 

Hirukote bikoitza moduan aurkezten dute bere burua, free-jazz eta sunpriñuren artean, artzaien kantuen eta inprobisazio librearen artean mugituz. Ion Celestino (tronpeta), Nerea Erbiti (ahotsa), Ander Garcia (kontrabaxua), Javier Callén (kontrabaxua), Daniel Lizarraga (bateria) eta Israel Tubilleja (bateria) dira taldekideak.

Egun berean, 19:00etan Jauregia dorrera 50 minutuko bisita gidatua eskainiko dute, 4 eurotan. Erreserbak 652 162103 telefonoan edo jauregiarte@gmail.com helbide elektronikoan.

Kultur 2017 programazioaren eskualdeko ekitaldiak bukatzeko, irailaren 1ean, ortziralean 20:00etan, azkenik, Lesakako Plaza Zaharrean Tenpora taldeak emanaldia eskainiko du. 2013an sortutako taldeak musika eta literatura uztartzen ditu. Carlos Linazasoro eta Harkaitz Cano idazleen hitzekin osatzen dute bere musika. 2015ean ‘Mundu Berria’ diska aurkeztu zuen eta hau aurkezten ari dira han-hemenka. Datorren udazkenean karrikaratuko dute bigarren diska. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxu elektrikoa), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Elene Arandia (ahotsa) dira taldekideak.

Egun berean, Lesakako Burdinaren Museora ordubeteko bisita gidatuak eskainiko dituzte, 12:00etan eta 17:00etan, Turismo Bulegotik abiatuta. Prezioa: 2 euro. Erreserbak, 948 638007 telefonoan edo kultura@lesaka.eus helbide elektronikoan.

 

Erakusketa Bertizen uztailaren 20tik irailaren 4ra

Bertizko Jaurerriko Natur Parkean Bego Antonen argazki erakusketa egiten ari dira uztailaren 20tik irailaren 4ra, Sauvageren parte-hartzearekin. 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara irekia dago ‘Haiek Danak Sorginak’ izenburua duen erakusketa. Inkisidoreek akusatuak torturatuz lortzen zituzten eta gaur egun gordetzen diren lekukotasunetan oinarritzen da. Proiektuak gertaeren tokiak erakusten ditu (basoak, kobak eta baserriak), eta antza egiten zituzten sorginkeria-jarduerak antzezten ditu. Emakume horiek jazarpenaren ondorioz bizi izan zuten etsipena erakusten dute Bego Anton (Bilbo, 1983) argazkilariaren lanek.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun