Pronostikoak eta markagailua irauliz buruz buruko erremonte txapelketako ligaxkan izanen da Josetxo Ezkurra

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 9a, 11:20

Buruz buruko ligaxka jokatzeko txartela lortu du Ezkurra II.ak

29-24 galtzen joan ondotik, 29-30 irabazi zion doneztebarrak Endika Urrutia saldiastarrari 

Sorpresa izan zen abuztuaren 8an Galarretan eta Josetxo Ezkurra II.ak jokatuko du buruz buruko Kutxabank erremonte txapelketaren ligaxka, Urriza, Barrenetxea IV.a eta Utergarekin batera. Doneztebarrak 29-30 irabazi zion faboritoa zen Endika Urrutia saldiastarrari, 29-24 galtzen joan ondotik.

 

Ordubeteko partida bikaina jokatu zuten bi erremontelariek. Gehienetan aitzinetik izan zen markagailuan doneztebarra. Ez batek, ez bertzeak ez zuten hasieran minik egin sakearekin eta lehen aldeak Ezkurra II.aren aldekoak izan ziren (1-3, 3-7). Zortzina eta hamahiruna berdindu ondotik, lehen aldiz aitzinetik jarri zen Endika (14-13) eta lehen aldetxoa ere lortu zuen (18-14). Bazirudien Endikak pixkanaka partida bere aldera zeramala, baina 0-6ko partzial batekin berriz ere aitzinetik jarri zen Ezkurra II.a (18-20). 21-23koarekin etorri ziren saldiastarraren pilotakadarik onenak eta 8-1eko partzialarekin 29-24 irabazten jarri zen. Partida erabakia zirudien, baina kirolak horrelakoak izaten ditu. Ezinezkoa zirudien erresto baten ondotik sakea berreskuratu zuen Doneztebekoak eta pixkanaka markagailua irauli zuen, azken bi tanto ikusgarrirekin. Berdintasun ikaragarria izan zuen partidak eta azkenean, xehetasun batzuengatik erabaki zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun