«Bestak lau egunez balira, jendeak gogo gehiagorekin probestuko lituzke»

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 8a, 08:47

Itxaso Arrieta, Sunbillako gaztea

Itxaso ARRIETA, Sunbillako gaztea

«Pertsona mugitua eta alaia naiz». Halaxe dela dio Itxaso Arrieta 24 urteko sunbildar gazteak. Eta herriko bestak ere hala pasatzen ditu, geldirik egon gabe eta batean eta bertzean parte hartuz. Azken urteetan, gainera, bestetako ekitaldi batzuen ardura hartua du Itxasoren kuadrillak, eta beraz, ezin hutsik egin. «Udalak diru kopuru bat ematen digu gazteoi, gehienbat musikarentzat. Gazteok musika taldeak hartzen ditugu eta diru horrekin ailegatzen ez bada, Antrotokiko Gazteek paratzen dugu gelditzen dena. Normalean zerbait paratzen dugu». 

 

Aurtengo taldeak lotuak dituzte: «bestetako bilerekin ekainean hasten gara, baina taldeak lehenagotik hartuak izaten ditugu». Hala ere, gazteen ardura ez da musika taldeetara mugatzen. Bertzeak bertze, «Kuadrillaren Eguneko gazteen bazkaria eta txoznako guztia ere guk antolatzen dugu». Eta zorteko dira, lanerako jendea biltzeko ez baitute arazorik: «ardura kuadrilla batek hartzen du, baina bilerak gazte guztiendako irekiak dira, eta jendeak ongi erantzuten du».

 

HAN ETA HEMEN PARTE HARTUZ

Zerbitzaria eta begiralea da lanbidez Itxaso. Urte batzuez begirale gisa atseden hartu badu ere, aurten, maiatzetik uztail hondarrera arte Arantzan ibiliko da haurrekin begirale. Abuztuan, ordea, oporrak hartuko ditu: «urte batzuetan herriko bestetan zerbitzari lanetan ibili izan naiz, baina aurten ez». Gazteek bestetan dituzten ardura horiek beretako «ez direnez lana», aurtengo santiburtzioak nahi bezala probesteko aukera izanen du. Gainera, lehenbiziko egunetik indarrean hasteko asmoa du, hori duelako egunik maiteena: «denak %100ean egoten garelako». Ekitaldirik kuttunena, berriz, Kuadrillaren Eguneko bazkaria: «ongi pasatzen dugu». Gainerako egunetan ere ez da etxean gelditzen: «lehenbiziko egunean, normalean, arratsaldez txoznan egoten naiz, eta bertzela, txupinazoa ikustera joaten naiz. Bigarren egunean, dantza taldearen saioan parte hartzen dut, baita aitzur tiraketan ere. Kuadrillen bazkarira ere joaten naiz...». Gorputzak laguntzen badio eta «erne baldin banago, ahal den guztietara joaten naiz».

 

EGUN BAT SOBERAN

Bortz egunez ekitaldi saila izaten dituzte Sunbillan, baina Itxasoren irudiko, «gehiegi da. Egun bat kenduko nieke bestei eta lau egunetan utzi». Hartara, dirua aurrezteaz gain, jendeak bestak gehiago probestuko lituzkeela uste du: «San Tiburtzio Egunean talde bat ekartzeko dirua gastatzen da, baina jendea bestondoarekin dagoelako edo, ez da aunitzik mugitzen. Ez dakit merezi duen». Beretako, «lau egun izanda, jendeak gogo gehiagorekin probestuko lituzke lau egunak». Baditu proposamen gehiago ere: «haurrendako zerbait gehiago paratuko nuke eta horrez gain, Antrotoki ostatua irekitzea eskatuko nioke Udalari».

Proposamenak proposamen, gogotsu eta ilusioz dago bestak hasteko. Hasi bai, baina akitu ez. Beretako, abuztuaren 15a, bestak akitu ondoko eguna, «urteko egunik itsusiena delako, inauterietako astelehenarekin batera. Herria hain mugitua egon ondotik, dena akitzen da». Erran digunez, «herritar batzuk orduan joaten da oporretara». Eta berak ere halaxe egiten du: «horrela ez dut herria hain hila ikusten». Baina gero gerokoak. Oraindik bortz egun ditu herriaz gozatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun