Gainera, udararekin batera liburuak irailera arte albo batera utzi eta gozatzeko tenorea ailegatu zaio: «Ikasketak eta lana direla eta urtean zehar ezin dut nahi bezain bertze besta egin, baina udan erromeria dagoen edozein plazatan ikusiko nauzue dantzan».
Dituen afizioen artean, «dantzatzea, mendira joatea eta argazkiak ateratzea» aipatu ditu. Eta argazki-kamera astintzen hasten denean, dantzan aritzean edo mendira joaten denean, ez du gauza berezien beharrik: «lagunak eta irri batzuk tartean badira aski da!».
Azken hilabeteetan Elgorriagako besten antolakuntzan ibili da Maialen eta ez da bakarrik aritu. Aipatu duenez, elkarlanaren emaitza izaten dira bestak: «besten antolakuntzan adin desberdineko herritarrak aritzen gara. Gazteon ardura nagusia lehenengo eguneko kontzertuak dira. Talde ezberdinekin kontaktuan jarri eta gau hori ahalik eta politena egiten saiatzen gara, modu honetan herriko bestak pixka bat ezagutzera emateko asmoz».
Uztailaren 22a ailegatzen denean, bestara atera eta 25a bitarte, egunez izaten diren ekitaldi gehienetan parte hartzen saiatzen naiz». Gauen ere ez da plazatik urruti ibiltzen «dantzan edo gazteok jartzen dugun txoznan lanean aritzen naiz». Egia aitortzen hasita, erlojuari kasu gehiegirik egin gabe ibili ohi da bestan, eguna edo gaua den arduratu gabe: «eguna edo gauaren artean ez nuke jakinen bat aukeratzen. Konpainia eta giroaren araberakoa da hori, izan ere, musika eta lagunak inguruan baditut gainerakoak berdin du!».
HERRI GUZTIA ELKARREKIN
Bestetako egun guztiak ditu gustuko: «egun bakoitzak berezitasun bat du, baina nire ustez politena zikiro eguna da, bertan adin ezberdinetako jendea elkartzen gara eta giro oso polita sortzen da».
Horixe da Elgorriagako bestetako bereizgarria, «herri txikia izanik, herritar guztiek hartzen dugu parte ekitaldi ezberdinetan eta oso giro polita sortzen da. Gainera, zikiro egunean Toka lehiaketa eta Boneta lehiaketa egiten dugu eta herritar aunitzek parte hartzen dute». Herritarren artean saltsa sortzen dute ekitaldi hauek eta ez dira gisa honetako bakarrak: «herritarren arteko lehiaketa eta froga ezberdinak egiten ditugu urtero. Aurten adibidez, aizkora eta arpana erakustaldia izanen dugu herritar ausartentzat, ea nor animatzen den!».
Bestarako ezinbertzeko osagaia zein den galdetuta ez du askorik behar: «musika eta lagunak dira faltatu ezin direnak, eta dantza-lagun bat ere baldin badut, ezin hobe!». Soberan berriz, irrika erantzun digu: «bestak eta gero denok izaten dugun lo falta eta bestondoa».