«Lehen aldiz igoko naiz Xarma taldearekin Iturengo oholtzara, berezia izanen da»

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 12a, 07:08

Garbiñe Olazar, Xarma taldeko musikaria.

Garbiñe Olazar, Iturengo gazte musikaria

22 urteko neska gaztea da Garbiñe eta bizitzan afizio bat izan badu, hori musika da: «txikitatik izan dut gustuko, eta beti nirekin eramanen dudan zerbait izanen da. Gitarra ikasten hasi nintzen duela urte asko eta abestea ere atsegin dut».

 

Etxetik plazarako jauzia egin eta aurten lehenbizikoz herriko bestetan joko du Xarma taldearekin. Herritarren aitzinean jotzea berezia izanen da: «xarma berezia du, dudarik gabe». Duela urtebete inguru jarri zuten proiektua martxan: «bost kidek osatzen dugu Xarma taldea. Maitanek trikitixa eta ahotsa, Joxerrak gitarra eta koruak, Txemak bajua, Oskarrek bateria eta nik ahotsa, panderoa eta tarteka gitarra jotzen dut».

Besten gibeletik dagoen lana ere ongi ezagutzen du Garbiñek besten antolakuntzan aritzen baita: «Bilera egiten dugu gazte, heldu eta Udaleko kideek eta ardurak banatzen ditugu. Nik normalki musikaren ardura izaten dut eta talde ezberdinekin kontaktatzen dut, prezioak negoziatzen ditut, ordutegiak…». Horretaz gain, txoznaren bueltan ere badabil: «txozna jartzen dugu herriko plazan eta aurretik ordutegiak zehaztu eta lan egiteko gogoa duen jendea aurkitu behar izaten dugu».

 

BETIKOA ETA BERRIKUNTZA

Aurtengo bestetako egitarauak berrikuntzaren bat ere badakar: «elektrotxaranga ekartzea erabaki dugu, larunbateko dinamika pixka bat aldatzeko. Horretaz gain, igandean Pantxoa Carrereren kontzertuaz gozatzeko aukera izanen dugu, disko berriaren aurkezpenaren harira. Ondotik la Jodederaren kontzertua izanen dugu Tresanean, mojito bestarekin batera». Urtero bezala egitarau oparoa lotzen saiatu dira eta horretarako badira ezinbertzean egon behar duten ekitaldiak: «asteleheneko herri-bazkaria derrigor egon behar duen ekitaldia da. Besten inguruko errepaso sakona egiteko aukera bikaina da! Herritar asko biltzen da bertan eta bertsolari eta musikarien laguntzarekin giro polita sortzen da». Egunez zein gauez izaten da giro berezia: «jende asko izaten da plazan eta herriko ostatuen inguruan, bai goizez eta baita arratsaldez ere. Horrek bizia ematen die bestei, dena ez baita gauean ongi pasatzea».

 

HASIERATIK BESTA GIROAN

Bestazalea ote den galdetuta, argi du: «bestazalea naiz besta hori plaza giroan baldin bada. Zortziko eta fandangoak ez du parekorik!». Iturenen izanen du dantzan gozatzeko nahikoa aukera, gaurik gehienetan erromeria baitago.

Bestetako egun guztiak «zirraraz eta gogotsu» hartzen ditu, «egun bereziak dira, familiarekin egon, lagunekin disfrutatu, egunerokotasuneko ardurak ahaztu…». Egun guztiek badute zerbait berezia, baina aukeran «ortziralea edo astelehena» ditu gustuenak: «lehenengo eguneko gogoek ez dute parekorik, eta aurten oholtza gainean biziko dudana berezia izanen da». Iturengo bestak hitz batean definitzeko eskatuta: «herrikoiak» erantzun du: «adin guztietako jendea hurbiltzen da ekitaldietan parte hartzera eta horrek aspaldi ikusi gabeko jendearekin elkartzea ahalbidetzen du». Gonbidapena ere luzatu die bisitarie «animatu, ongi etorriak izanen zarete!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun