Nafarroako sega txapelketa Donezteben jokatuko dute uztailaren 2an

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 29a, 06:48

Jon Kanflanka leitzarra hirugarren urtez segidan txapeldun izaten saiatuko da.

Igande goizeko 11:00etan hasita ariko dira Leitzako Jon Kanflanka eta Gorritiko Mikel Berekoetxea

Nafarroako sega txapelketa erabakiko da uztailaren 2an, igande goizeko 11etan hasita Donezteben, Bordatxoko parkearen gibeleko aldean dagoen belagian. Txapelketa honetan bi segalarik hartuko dute parte: 2015 eta 2016ko txapelak irabazi dituen Jon Kanflanka leitzarra eta Gorritiko Mikel Berekoetxea.

 

Segalari bakoitzak 45 minutuz ahalik eta belar gehien ebaki beharko du. 10 euroko sarrera ordaindu beharko da txapelketa ikusteko.

 

Nafarroako hainbat txapel Iruñeko Sanferminetan erabakiko dira

Ez da izanen, noski, uztailean erabakiko den Nafarroako herri kirol txapelketa bakarra. Ohikoa denez, Iruñeko Sanferminetako eguerdietan, Foruen Plazan hainbat txapel jarriko dira jokoan.

Uztailaren 8an, Nafarroako lehen mailako trontza txapelketa eta emakumezkoen tron­tza txapelketa jokatuko dituzte; uztailaren 9an, Nafarroako bikotekako aizkora txapelketa eta orga txapelketa; uztailaren 10ean Nafarroako harrijasotze txapelketa, emakumezkoen txinga txapelketa eta lasto altxatze txapelketa; uztailaren 11n, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa eta kadete mailako trontza txapelketa; uztailaren 13an, emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako ingude altxatze txapelketak eta uztailaren 14an, Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketa.

Hau idazterakoan, ariko diren kirolariak ez dira erabat zehaztuak baina eskualdeko ordezkaritza zabala izanen da eta seguru txapelen bat etorriko dela hiriburutik.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun