«Arratsaldeei bizi gehixeago emateko gazteendako jokoak antolatu ditugu»

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 26a, 16:35

Unai Apezetxea, Doneztebeko Gazte Burrunba taldeko kidea.

Unai Apezetxea, Doneztebeko gaztea

Burrunba taldeko kidea da Unai eta bestak ailegatzen direnean, sukaldaritza ikasketak, lana eta bestarako afizioa lotu behar izaten ditu: «lanetik ailegatu orduko saiatzen naiz besta giroan sartzen. Txosnan ere lagundu behar izaten da eta han eta hemen, zeregina izaten da». Horregatik, sanpedroak «nahikoa egun mugituak» izaten direla dio.

 

KOTXE SLALOMA BESTETAN

Urteroko lanei bertze bat gehitu die,  afizio bera duten beste bi lagunekin elkartu eta ekitaldi berezia antolatu baitute bestetarako: «kotxeak eta rallyak gustatzen zaizkigu hiruroi eta bestetako larunbatean kotxe slalom bat antolatzea pentsatu dugu». Ekitaldi honekin, «motor mundua jendeak hurbiletik ezagutzeko aukera izanen du». Aparan industrialdean eginen dute erakustaldia «ibilbide desberdinak prestatuko ditugu eta pilotu lizentzia duten gidariek horiek osatu beharko dituzte». Kotxe eta motor mundua gustuko dutenak hurbiltzea espero dute «eta zer den ez dakitenentzat ere ez da aukera txarra. Emaitza ikusgarria izanen da seguru».

 

ARRATSALDEKO GIROA BERPIZTEKO

Burrunbatik ere izanen da berrikuntzarik  «ikusten genuen arratsaldetan ez zela giro askorik izaten. Bazkalondoan eserita geratu edo bestondoa ostaturen batean pasatzea da errazena, eta hor zerbait egin behar zela ikusi genuen. Horregatik, aurten jokoak antolatuko ditugu». Betiko jokoak izanen dira, «umore onean, barre pixka bat egin eta ongi pasatzeko helburua dutenak: plastikoa xaboiarekin paratu, txupitoa edan eta makilari buelta eman... Jendea juntatu eta ongi pasatzeko aitzakia».

 

BESTETAN

Bost egun irauten dute Doneztebeko bestek eta Unaik txupinazo eguna nabarmendu du: «egunik hoberena izaten da. Kuadrillako bazkaria izaten dugu eta hortik elkarrekin txupinazora joaten gara. Giro gehien egoten den eguna izaten da. Nabaritzen da jendeak baduela bestarako gogo berezia». Beste egunetan ere besta egin nahi duenak aukerarik ez duela faltako nabarmendu du: «kanpotik zenbat jende etortzen den ikusita, zerbait berezia izanen dute gure herriko bestek!».

Ekitaldien artean berriz, gazteen bazkaria  azpimarratu du, «derrigor egon behar duen ekitaldia da». Edozein moduz, besta giroan sartzeko gonbidapena luzatu nahi izan dio jendeari: «gure esku dago giroa sortzea eta batzuei gehixeago animatzeko erranen nieke».

Azken urteetan berreskuratutako ekitaldiek harrera ona izan dutela ere aipatu du: «jendea geroz eta gehiago animatzen ari da eta hori ona da. Besta borobilak izateko bakoitzak bere partetik jarri beharra du». Egitaraua ere aurreko urtetan baino potoloagoa iruditu zaio «gauza gehiago daude arratsaldetan eta besta animatuak izanen direla dirudi».

Sukaldeko sua itzali eta bestako suziria entzun orduko, barruko sua piztuko zaio Unairi, besta giroan sartu eta ongi pasatzera aterako da. Osagai nagusitik badu nahikoa: bestarako gogoa eta ilusioa gainezka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun