ODOLEAN DARAMAN ZALETASUNA
Doneztebar peto-petoa izanik, odolean darama Leirek bestarako grina: «bestazalea naiz eta gauez eta egunez ahalik eta gehien bizitzen ditut. Egun horietan, ahalik eta gutxien egon behar da etxean». Haurrei ere ttikitatik piztu nahi die bestarako gogoa, «beraiek nik bezala disfrutatzea da helburua, haiek ongi badaude, denek pasatzen dugu ongi».
ZAPIA LEPOAN, BESTARAKO PREST
Besta bezpera noiz ailegatuko zain egon ohi da, «egun berezia da niretako. Suziria bota ondoren, zapi gorria janzteko momentu hori hunkigarria da niretzat, eta haurrak ditudanetik gehiago oraindik». Suziria beraiekin ikusi ohi du eta ondoren berarentzat tartetxoa hartzen du: «haurrak aitarekin uzten ditut lagunekin afaltzera joateko; goizaldera arte luzatzen den lehendabiziko gaua disfrutatzeko». Biharamuna, San Pedro eguna, familia giroan bizi du: «familia guztia elkarrekin ateratzen gara goizetik, buruhandiekin korrika egin eta dantzak ikustera». Eta hurrengo egunetan, «antolatutako ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzen saiatzen naiz; txarangaren atzetik joan, plazan dantzatu...». Izan ere, han edo hemen musika baldin badago, segidan hasten omen da gorputza mugitzen «musika entzun eta geldirik egon ezin duen horietakoa naiz ni!».
GARAI BATEKOAK ETA EGUNGOAK
Ama izan aurreko bestak eta gaur egungoak alderatuta, bestak bizitzeko modua aunitz aldatu dela dio: «baina ez okerrera... orain kontuan hartzen ditut beraien beharrak, baina pila bat disfrutatzen dut beraiekin bestetako ekintzetan parte hartuz». Eta bere garaian gautxoria izan bada ere, hori ere aldatu da: «orain gau batekin nahikoa dut; nahiago dut egunez haurrak dantzan jarri eta beraiekin disfrutatzea».
Doneztebarra izanda,«niretzat herriko bestak beti izanen dira berezienak». Azken urteetan egitarauan egin dituzten aldaketak ere hoberako izan direla iruditzen zaio «gauza gehiago daude eta ez naiz kexatuko». Garai bateko bestetako zenbait ekitaldi berreskuratzea ere positiboa iruditu zaio «azken bi urtetan herri bazkaria eta errekaren igoera egin dira berriz eta giro bikaina sortu da. Alde horretatik., garrantzitsua iruditzen zait haurrek parte hartu ahal izatea, horrela gurasoak garenok ere disfrutatu dezakegulako».
Egitaraua bere osotasunean egokia dela dio «denendako gauzak izan behar dira, eta uste dut ez dagoela ezer soberan. Hori bai, ama naizenetik, buruhandiek ezin dute hutsik egin». Bestetan sortzen den giroak ere hobera egin duela uste du «azken bi urteetan elkartasuna sortu da adin desberdineko herritarren artean, eta horrek giro polita sortu du herrian».
IAZKO BESTETAN SORPRESA
Iaz bere lagun batekin batera, Leirek giro on hori sortzeko bere aletxoa jarri zuen «Leire Ortuoste eta biok antolatu genuen ikuskizun berezia. Bera ere ama da eta beti hitz egiten genuen haurrak entretenitzeko ez genuela sobera behar. Biak nahiko pailazoak garenez, ez zitzaigun gehiegi kosta lanean hasi eta ikuskizuna prestatzea. “Ene Kantak” antzeko zerbait egitea pentsatu genuen, beraien kantak eta beste batzuk hartuz. Arropa apaindu, aurpegia margotu eta hantxe atera ginen, gure betaurreko gorriekin haurrekin dantzatzera. Ordu betetxo batez egon ginen, eta nik uste beraiek baino gehiago disfrutatu genuela guk». Arrakasta izan zutela bistakoa da, emanaldia errepikatu egin dutelako ikasturtean zehar. Aurten tamalez, ez omen dute denborarik izan ezer prestatzeko, baina ez du baztertzen etorkizunean bertze zerbait antolatzea: «sorpresa bertze baterako utzi beharko dugu».
Bestak bukatzean zapi gorria ez du luzarorako gordeko «lanera bueltatu beharra izanen dut baina asteburuan Iruñeko San Ferminetan gozatzeko prestatu beharko dugu. Atautxi eta amatxi han ditut, eta ezin bisita horri huts egin».