Ederbidea proiektuak bizikleta zaleak bildu ditu Bidasoko Bide Berdean

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 26a, 10:34

Ederbidea bizikleta ibilaldian parte hartu zuten txirrindularietako batzuk Sunbillan.

Ehun bat txirrindulazalek parte hartu dute Sunbillan abiatu eta helmuga zuten bi ibilbide ezberdinetan, mugikortasun iraunkorraren aldeko besta giroko martxan

Ederbidea Zikloturistaren lehen edizioa burutu da ekainaren 24an Sunbillan eta adin ezberdinetako bizikletazalek bat egin dute Bidasoko Bide Berdean martxa zikloturistan parte hartzeko. Lehiakorra izan ez den ekitaldia Ederbidea mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren ekintzetako bat da Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetan mugikortasun iraunkorra sustatzeko. 

 

EDERBIDEA egitasmoko (Interreg Poctefa) bazkideak Pirinio Atlantikoen Departamentua, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira; Imotz, Biarritz, Donibane Lohizune, Hendaia eta Irungo Udalak; Hego Lapurdiko Hirigunea Elkargoa, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa, Cederna-Garalur elkartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Ederbidea INTERREG POCTEFAko proiektua da, Europar Batasunaren parte hartzea du eta Eskualdeko Garapenaren Europako Funtsaren (FEDER) bitartez kofinantzatzen da.

 

Besta giroan

Ehun pertsona inguruk, haien artean familiak, zikloturistak eta zaletu taldeak, parte hartu zuten ibilbidean, eta Bidasoko Bide Berdetik 24 (Sunbilla-Oronoz Mugairi-Sunbilla) edo 40 kilometroko (Sunbilla-Bera-Sunbilla) ibilbidea egiteko aukera izan zuten besta giroan.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta, Ederbidea proiektuaren kide modura, irteera eta helmuga Sunbillan izan da eta ibilbide luzea aukeratu zutenek Beraraino joan behar izan zuten  itzulera hasi aurretik. 

Martxak balio izan du mugaren alde bateko eta besteko zaleek bat egiteko eta Bidasoaren eskualdea disfrutatzeko, ingurune natural batean, oinpekoei eragin bitartean.

Ekitaldia amaitzean, zikloturisten artean bi pertsonentzako lau menu zozketatu ziren Baztan Bidasoa Turismoko kide diren establezimenduetan: Oronoz-Mugairiko Urgainen, Doneztebeko Ameztian, Sunbillako Ariztigain kanpinean eta Etxalarko Bentan.

Hortaz, parte hartzaileek lehen eskutik ezagutu zuten Ederbidea, mugaz gaindiko lankidetza proiektua  bizikletaren erabilera bultzatzeko turismo eta aisialdiko ikuspegitik nahiz eguneroko joan-etorrien ikuspegitik.

Ederbidearen lan ildoetako bat  bizikletan egiten diren joan-etorrien segurtasuna hobetzea da. Horrela, Baiona, Donostia eta Iruñeko hiriek osatzen duten mugaz gaindiko hirukian bizikleta bideen egokitzapenari jarraitasuna emanen dio proiektuak.

Modu honetan, EDERBIDEAk aukera ematen du mugikortasun iraunkorrarekin, ekonomia berdearekin, eta, bereziki, turismo aktiboarekin jarduera ekonomikoak garatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun