Ederbidea martxa zikloturista eginen da larunbatean Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 23a, 09:13

Sunbillak hartuko du martxaren lehen edizioa

Sunbillak hartuko du larunbat honetan, ekainak 24, lehendabiziko Ederbidea martxa Zikloturista. Sunbillatik abiatuta, bi ibilbide ezberdin izanen ditu, 24 kilometroko bat eta 40ko bertze bat. Parte hartzea doakoa da eta 8 urtetik gorako edonori irekia dago. Hala ere, tokian bertan izen emateko 50 plaza besterik ez dira gelditzen.

Inauguratzeko ekitaldian, instituzio antolatzaileetako ordezkariak egonen dira. Sunbillara hurbilduko dira Maitena Ezkutari, Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendari Nagusia, Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde eta Mugikortasun Diputatua eta Sabine Etxeberri-Deirolles, Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Urbanismo eta Egokitze Arduraduna.

Goizeko 10:00etan hasiko da martxa, dortsalen ematea berriz, 8:30tan.

Martxaren amaieran, parte-hartzaileen artean bina pertsonentzako bi asteburu pasa zozketatuko dira eskualdeko landetxe batean, eta bina pertsonentzako lau menu eskualdeko lau jatetxetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun