‘Ezkurra, Herri berezia’ liburuan auzo honi eskainitako kapitulua bada. Izan ere, 1328. urterako hasi zen lanean Ingalaterrara, Europa iparraldera eta Ameriketara burnia bidaltzen zuen burdinola famatua. Espainiako armada ere hornitzen zuen. 1887tik 1973ra mineral ezberdinak atera zituzten: fluor, espato, pirita eta batez ere zilar-beruna (batzuetan zilarra ere izaten zuen beruna). Bere garaian, meategi inguruan 20 familia eta 200 bat pertsona bildu ziren: batzuk zuzenean meategian lana egiten zutenak, bertze batzuk langileen mantenuan aritzen zirenak edo argindar zentraletan. Plano batean ageri denez, eskola, jangela, sukalde eta kartzelerako lekua ere bazuten.
Baina meategi lana bukatu zenean, kanpora joan behar izan zuten familia horiek. 50 urte beranduago, familia horietako 57 lagun bueltatu dira. Topaketa hunkigarria izan zen, batzuk Galiziatik eta Frantziatik etorri baitziren. Horietako bik, 84 eta 85 urteko bi lagunek, Ollinen lan egin zuten eta beste gehienak, langileen ondorengoak ziren. Gaur egun utzia dagoen auzo honen historia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten eta gero, Leitzan bazkaldu zuten. Bazkalondoan, argazkia atera eta berriz ere biltzekotan gelditu ziren, hori bai, berriz ere hainbeste urte itxaron gabe.