Lanen aurrekontuan sartua dago bai osasun zentro berria eraikitzea (2.873.762 euro), baita obren zuzendaritza eta segurtasun- eta osasun-arloen koordinazioa ere (54.241 euro). Hiru urteko aurrekontuetan sartuko dira lanak, 497.550 euro aurten inbertituko dira, 2.343.409 euro 2018an eta 177.043 euro 2019an.
Doneztebeko Osasun Zentro berria solairu bakarreko eraikin berri batean eginen dute. 1.400 metro koadroko azalera hartuko du, horietatik 1.250 metro erabilgarriak izanen dira. Lanak aurten, azken hiruhilekoan hastea espero dute eta 2019ko lehen hiruhilabetean akitzea.
Oinarrizko Arreta zerbitzuaz gain, Erretinografia, Erradiologia eta Errehabilitazio zerbitzuak eskainiko ditu eskualde osorako. Erabilera anitzeko gela bat, erradiologia gela bat eta errehabilitazio gimnsio bat izanen ditu, baita 16 kontsulta ere (3 familia medikuena, erizainentzako 4, arreta espezializaturako 2 eta pediatriarendako, gizarte langileendako, larrialdietarako, kirurgia ttikirako, estrakzio eta proba osagarrietarako, estimulazio goiztiarrerako eta albaitariarendako bana. Asistentziarako eremu horretaz gain, harrera egiteko eta langileendako bertze eremu bat ere izanen da.
Langilegoari dagokionez, 4 mediku, 5 erizain, 3 administrari, pediatra eta gizarte langile bana izanen ditu, baita landa larrialdi zerbitzuetarako hiruna mediku eta erizain.
Aipatu behar da Malerrekako oinarrizko osasun zonaldean bertze mediku-kontsultak ere badirela Elgorriagan, Beintza-Labaienen, Urrozen, Saldiasen, Iturenen, Eratsunen, Ezkurran eta Zubietan.