Bestetako kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du aurten ere Iturengo Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 29a, 12:29

Iturengo bestetarako kartel lehiaketa deitu dute aurten ere.

Ekainaren 22ra bitarte aurkezten ahal dira lanak

2017ko bestetan erabiliko den kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du Iturengo udalak aurten ere. 16 urtetik goitiko edozeinek hartu dezake parte eta ekainaren 22a, ostegun eguerdia izanen da lanak aurkezteko hondar eguna. Irabazleak 100 euro irabaziko ditu.

 

Kartela egiteko gaia eta teknika irekiak izanen dira eta lan orijinala behar du izan. Beti ere, Ituren edota bere izaera edo kulturaren ezaugarriak agertzea baloratuko da. Formatua eta teknikari dagokienez, lanak A3 tamainan inprimatuko dira (29’7 x 42zm.) eta formatu digitalean aurkeztu beharko dira, 240 ppp guttieneko erresoluzioaz, edozein teknika erabiliz.

Leloari dagokionez, Iturengo Bestak 2017 Uztailak 14-17 agertu beharko du eta beti ere gero programa zehatza itxekitzeko tokia kontuan izan beharko du egileak.

Arestian aipatu bezala, ekainaren 22ko eguerdian akituko da lanak aurkezteko epea honako helbidean: udala@ituren.es edo udaletxean bertan. Lana sinatu gabe entregatuko da eta lanarekin batera sobre itxi batean egilearen izen abizenak eta kontakturako telefonoa edo/eta posta elektronikoa agertu behar dira.

Irabazleak 100 euro irabaziko ditu eta lanaren jabetasuna Udalaren esku geldituko da. Aurkeztutako bertze lan guztien jabetasuna udalaren esku geldituko da eta egileak ez du jabetasun hori erreklamatzeko eskubiderik izanen, hilabeteko epean eskatzen ez badu behintzat.

Lan guztiak jaso ondoren erakusketa publikoa eginen da eta herritarrek erabakiko dute zein izanen den kartel irabazlea. Edozein zalantzaren aurrean, udalak izanen luke azken erabakia hartzeko eskubidea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun