Arkupeak elkarteak 8.000 euroko laguntza jaso du Elizondo, Urdazubi eta Zugarramurdiko jubilotokiak martxan jartzeko

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 19a, 06:59

Jose Luis Legarra, Arkupeak elkarteko presidentea, Cristina Lezaun CaixaBankeko ordezkaria, eta Ana Juanenea eta Fernando Etxeberria.

La Caixako Gizarte Ekintzaren eskutik jaso zuten maiatzaren 18an Doneztebeko egoitzan

La Caixaren Gizarte Ekintzak 8.000 euroko dirulaguntza eman dio Arkupeak erretiratuen elkarteari, Elizondo, Urdazubi eta Zugarramurdiko jubilotokiak martxan jartzera bideratua. Dagoeneko 30 pertsonek parte hartzen dute jubilotoki honetan.

 

Maiatzaren 18an, Arkupeak elkarteak Donezteben duen egoitzan egin duten ekitaldian, Jose Luis Legarra Iriarte elkarteko presidenteak eta Cristina Lezaun Navarro CaixaBank-eko Nafarroako Iparraldeko Negozio Arloko zuzendaria izan dira eta bi erakundeen arteko hitzarmenaren balantze positiboa egin dute. Beraiekin batera, Fernando Etxeberria Mariezkurrena Arkupeak elkarteko idazkaria eta Ana Juanenea Etxeberria izan dira.

La Caixaren Gizarte Ekintzak Elizondo, Urdazubi eta Zugarramurdiko jubilotokiak martxan jartzeko eman dituen 8.000 euroez gain, hiru udalek, Cederna Garaur erakundeak eta Arkupeak elkarteak ere jarri dute dirua. Jose Luis Legarra presidenteak aipatu duenez, “dagoeneko 30 pertsonek erabiltzen dituzte jubilotokiak, eta zerbitzu hori Arizkun, Oronoz-Mugairin eta Donezteben ere ezartzeko asmoa dudu”.

Jarduera ezberdinak eskaintzen dituzte jubilotoki hauetan: soinketa eta psikomotrizitatea, eskulanak, gaur egungo gaien inguruko tertuliak, jolasak, irteerak edo txangoak. Elizondon astelehen eta asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara biltzen dira; Zugarramurdin asteartetan 16:00etatik 19:00etara eta Urdazubin ortzegunetan 16:00etatik 19:00etara. Behar duten parte hartzaileek jarduerak dituzten lekuraino hurbiltzeko garraio zerbitzua erabiltzeko aukera ere badute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun