Egun osoko besta prestatu dute Urrozen maiatzaren 27ko Malerrekako Egunerako

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 18a, 10:18
Urrozko eta Malerrekako hainbat udal agintarik eman dute maiatzaren 27ko ospakizunaren berri.

85 urtetik goitiko zazpi herritar omenduko ditu Udalak eta Sunbillari pasatuko zaio lekukoa 

Iturendarrei lekukoa hartuta, aldi honetan, Urrozen ospatuko da Malerrekako Eguna. Oiturari eutsiz maiatzeko hondar larunbatean, hilaren 27an izanen da eta egun osoan ekitaldi saila izanen dira. Horien berri eman zuten maiatzaren 17an, asteazken arratsaldean Malerrekako Mankomunitatean egindako agerraldian.

 

Aurkezpenean, Urrozko udaleko ordezkari Iñaki Juanena alkatea eta Xabi Maerizkurrena, Xabier Matxinena eta Jesus Mari Ezkurra zinegotziak izan ziren, Malerrekako bertze zenbait herritako udal ordezkariekin batera.

 

Omenaldia

Maiatzaren 27ko egitarauari dagokionez, maiatzeko azken larunbat goizeko 10etan harrera ekitaldia eginen dute plazan, eta herrietako ordezkariek egunari hasiera emanen diote. Ondotik, 85 urtetik goitiko zazpi herritarrek omenaldia jasoko dute Udalaren izenean: Joxepa Etxegia, Bitoriano Arzuaga, Trinidad Grajirena, Demesia Iribarren, Joxe Arozena, Pedro Etxegia eta Bixi Arozenak izanen dira omenduak.

10:30etik 14:00etara artisauak eta talogileak plazan egonen dira eta 10:30etik 12:00­etara dantzariak ere plazan ariko dira. Abesba­tzak ere emanaldia eskainiko du. Eguerdian, 12:00etatik 12:30era, Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira eta horien ondotik, 12:30ean, buru-haundiak eta joaldunak ibiliko dira harat eta honat. 13:00etatik 14:00etara bingoa eginen dute plazan eta 14:00etan paella jatea Malerreka Kantuz-ek lagunduta.

Arratsaldean, 16:00­etatik 19:00etara Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatuko dute Herriko Ostatuan eta 16:30ean Muxikoak izanen dira plazan.  Beranduxeago, 17:00etatik 18:00etara, haurrak izanen dira protagonista: txokolatada eta jokoak izanen dituzte eta buru-haundiak kalejiran ibiliko dira. Frontoian, berriz, aizkora apustua jokatuko dute.

 

Lekukoa Sunbillak hartuko du

19:00etatik 21:00etara globoa izanen dute herriko landan eta 20:00etan zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute. Ondotik, heldu den urtean Malerrekako Eguna antolatzeko Sunbi­llari pasako diote urroztarrek lekukoa. 20:30etik 22:00etara Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da plazan eta 22:00etan herri afaria frontoian. Herri afarirako txartelak Malerrekako Mankomunitatean eskuratzen ahal dira (948 451746). Gauerditik aitzinera Oharkabe ariko da plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun