Laxoa txapelketako jardunaldiko bi partida bertzerik ez dira jokatu asteburuan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 16a, 07:41

Eguraldiak lagundu arren, jokalarien lesioengatik bi partida bakarrik jokatu dituzte aste hondarrean.

Abuztuaren 5eko finalerako itxura berria hartzen ari den Doneztebeko Bear-Zanan jokatu dira biak

Baztan-Errekako 38. Laxoa txapelketako seigarren jardunaldiko bi partida bertzerik ez dira jokatu. Egutegian aldaketa batzuk izan dira, kasu honetan ez dira eguraldi txarragatik izan, baizik eta jokalari batzuen lesioengatik. Jardunaldi honetako bi partidak Doneztebeko plazan jokatu dira. Bear Zana plaza inguratzen duten sareak joan den aste osoan moldatzen aritu dira, erreboteko paretaren gainean dagoena metro pare bat goratu eta gainerakoak konpondu. Aurtengo finalaren usaina hartzen hasi da.

 

1.MULTZOA

Doneztebe Apeztegia – Arraioz Sagardia: 8 – 9

2.MULTZOA

Doneztebe Mikelo – Doneztebe Avia: 5 – 9

 

Donezt.  Apeztegia (J. Apeztegia-R. Etxebeste-I. Santesteban-J. Juanena) 8

Arraioz Sagardia (M.Mindegia – X.Mihura – A.Alunda – X.Maritorena) 9

Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-6, 8-6, 8-9.

Iraupena: 3 ordu.

Aurtengo txapelketan maiz gertatzen ari den bezala, partida ona eta emozioz betetakoa. Doneztebarrek hameka aukera izan zituzten partida irabazteko eta beren multzoan buru jartzeko, baina partida luze honetan arraioztarrak azken txanpan hobe aritu ziren, batez ere Mindegiak eskaini zuen estrategia eta jokoari esker. Beti burua erabiliz, sotamano ikusgarriak jo zituen, batzuk plaza osoa zeharkatuz bertze batuz lurretik arraiak egiteko.   

 

Doneztebe Mikelo (J.Juanena – X.Ibarrola – U.Sapuppo – M.Mutuberria) 5

Doneztebe Avia(J.Almandoz – A.Mutuberria – J.Apezetxea – J.Telletxea)9

Markagailua: 3-0, 3-8, 5-8, 5-9.

Iraupena: 2 ordu.

Hiru joko eta zortzi zirelarik, Doneztebe Avia taldeko Asier Mutuberria jokalaria lesionatu egin zen eta horregatik partida ordu laurden bat geldirik egon zen; azkenean bere partez Arozena eskularrugilea sartu zen. Orduantxe Mikelo taldeak erreakzio txiki bat izan zuen eta punturen bat eskuratzeko moduan zegoela ematen zuen, baina ez zuten 6. jokoa lortu. Partidako jokalaririk hoberena, Almandoz. Sakez min handia egin zuen paretan eta ez Juanenak ezta Ibarrolak ere ezin izan zituzten bere sakeak behar zen bezala errestatu.

 

7. jardunaldia datorren asteburuan 

1.MULTZOA:

Doneztebe Zarbonet – Doneztebe Titi, igandean 18:00etan.

Doneztebe Apezteguia – Irurita Miguelene, larunbatean 17:00etan.  

Atsedena: Arraioz Sagardia 

2.MULTZOA:

Oiz Kokoetxea – Doneztebe Avia, larunbatean 17:00etan.

Irurita Biek – Doneztebe The Moment, larunbatean 17:00etan.

Atsedena: Doneztebe Mikelo

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun