Isabel Aranburu (Geroa Bai), Miren Aranoa (EH Bildu), Tere Saez (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) izan dira Malerrekara hurbildu diren parlamentariak. Lehenik Iturengo eskolara joan dira eta han harrera egin diete Arantxa Diez zuzendariak, Ane Otxandorena idazkariak, Guraso Elkarteko Maite Lujanbiok, Malerrekako Herri Eskolen koordinatzaile den Mikel Iriartek, Nafarroako Eskola Kontseiluko Aitor Etxartek, Mari Jose Bereau alateak, Jagoba Manterola zinegotziak eta 0-3 urteko negoziatu buru den Miren Oñatek eta herrietako eskolen atal buru den Jesus Castiellak.
Bisita honekin, «Nafarroako herri eskoletako funtzionamendua eta hezkuntza esperientziak ezagutu nahi izan dituzte». Iturengo eskola ikusi ondotik, Arantxa Diezek eta Mikel Iriartek Malerrekako sei herri eskolen hezkuntza proiektua eta lan plangintza azaldu diete parlamentariei. 25 kilometroko inguruan 228 ikasle eta 40 irakasle dituzte, hauetatik sei ibiltariak.
Mikel Iriartek aipatu zuenez, «asteazkenero biltzen gara Legasan, metodologia, proiektuak, formakuntza eta antolaketa koordinatzeko, beti berritzen ari gara, punta-puntako ikastetxeak gara».
Arantxa Diezek hurbileko irakaskuntza azpimarratu du, «indibidualizatua, inguruari eta tradizioei lotua eta ezinbertzekoa herriak mantentzeko. Zorioneko sentitzen gara».
Aitor Etxartek aipatu zuenez, herrietako eskolak berriz ere indartzen ari dira, «baliabideen aprobetxamenduari eta gaur egungo hezkuntza politikei loturik baitago. Herrietako eskolek badute etorkizuna».
Iturendik Saldiasera joan dira parlamentariak eta han, Mikel Colomo zuzendariak, Guraso Elkarteko Maider Serranok eta Jose Luis Erasun zinegotziak egin diete harrera. Colomok Saldiasko eskola ttikiaren berri eman die, aldi berean «edozein hiriko eskolaren neurriko hezkuntza proiektua» dutela azpimarratuz. «115 bizilaguneko herri batean dena hurbilago dugu. Herri eskolari laguntza ematea eskatzen dizuegu, ingurua mantentzea garrantzitsua delako. Eskolarik gabeko herri bat ez dago ulertzerik», adierazi du Saldiasko eskolako zuzendariak.