I. Dantzari Eguna eta X. Pintxo Lehiaketa prest dituzte Donezteben astebururako

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko api. 27a, 10:35

Dantzari Egunaren kartelerako erabili duten irudia.

Herriko dantzariekin batera, Ituren, Lesaka eta Sunbillakoak ariko dira igandean

Erreka Dantza taldeak eta Doneztebeko Dantzari Txikien taldeak, Burrunba Kultur Elkartearen, Erreka Kirol Elkartaren eta Doneztebeko Udalaren laguntzaz antolatutako lehendabiziko Dantzari Eguna apirilaren 30ean ospatuko da Donezteben. Asteburu luze osorako, berriz, Pintxo lehiaketa eginen dute herriko zazpi ostatutan.

 

Erreka Dantza taldeak eta Dantzari Txikien taldeak antolatutako lehendabiziko Dantzari Eguna ospatuko da apirilaren 30ean. Herrikoekin batera, Lesakako Tantirumairu eta Ituren-Zubieta eta Sunbilla-Baztango dantzariak ariko dira. Igande horretan, 10:30ean harrera ekitaldia izanen da Bearzana plazan; 11:00etan herrian zehar kalejira eta dantzak eginen dituzte. 12:30ean dantza saio nagusia eginen dute Bearzana plazan eta ondoren, herri bazkaria izanen da. Bazkaldu ondoren muxikoak eta dantzaldiak izanen dira, Modestok alaituta. Bazkariari dagokionez, bi menu izanen dira aukeran: helduendako eta umeendako

 

X. Pintxo lehiaketa

X. Pintxo Lehiaketa, berriz, apirilaren 29tik maiatzaren 1era ospatuko da. Aurtengo edizioan zazpi ostatuk parte hartuko dute: Pepa´s kafetegia, Cafe, Mikelo, Irrintzi, Titi, Santi eta Ameztia tabernak ariko dira sukaldeak astintzen pintxo goxoak eskaintzeko eta aurtengo irabazlearen txapela janzteko. Lehiaketan botoa ematen dutenen artean, Inurrieta upategiko ardo lotea zozketatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun