Erreka Tri taldea duatloian Nafarroako azpitxapeldun izan da taldeka

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 21a, 09:42

Erreka Trik hiru talde eraman zituen Nafarroako duatloi txapelketara eta horietako bat azpitxapeldun izan zen.

Hiru talde aurkeztu zituen apirilaren 8an Sarrigurenen

Nafarroako duatloi txapelketan parte hartu zuen Erreka Tri taldeak apirilaren 8an Sarrigurenen. Denera hiru talde aurkeztu zituen Doneztebeko taldeak eta horietako bat azpitxapeldun suertatu zen, Saltoki Triki taldearen gibeletik.

 

Zehazki, Erreka A taldeak lortu zuen bigarren postu hori. Santi an Miguel, Iñigo Arregi, Javier Magaña, Peio Lopez eta Alberto Barberenak (berriki bakarka txapeldun izandakoa) osatu zuten taldea eta ordubete, 49 minutu eta 6 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Saltoki Triki talde txapeldunak ordubete, 47 minutu eta 20 segundo behar izan zituen.

5 kilometro lasterka, 24 kilometro bizikleta eta azken bi kilometro eta erdi berriz ere lasterka egin behar izan zituzten. Talde bakoitzak gehienez 6 kirolari aurkeztu behar zituen eta guttienez 4, eta helmugan, laugarrenaren denbora hartzen zen kontuan.

Erreka B taldean Endika Eugi, Migui Ezkurra, Gorka Bidegain, Xabier Bañares eta Jon Maritxalar aritu ziren eta ordubete, 59 minutu eta 49 segundo behar izan zituen proba burutzeko. Erreka C taldean Andoni Blas, Aitor Bertiz, Ibai Ordax eta Mikel Telletxea aritu ziren eta bi ordu, 4 minutu eta 48 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun