Gaztain ximalak eskatu dituzte Beintza-Labaienen Ostegun Santuan

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 18a, 07:56

Beintzako eta Labaiengo neska-mutikoek bete dute ohitura bertze urte batez.

Aspaldiko ohitura bete dute Beintzako eta Labaiengo haurrek 

Ostegun Santuan, urtekoko ohituari jarraituz, Beintza-Labaiengo haurtxoak poz-pozik aritu ziren goxokiak biltzen etxez etxe. Bi auzotan ibili ziren bi taldetan banatuak (Beintzan eta Labaienen), eta meza ondoren egin zuten karrikarronda.

 

Eskuetan karrakak hartu eta indar guztiarekin eraginez, aspaldiko urteetan kantatzen den bertsoa kantatuz:

Gaztain gaztain ximalak

andreak elizera

gizonak tabernera

apeza txokoltea hartzera

ta haurrak haurtara!!!

 

Ikusten den bezala, bizilagunek ilusio handiz entzuten dituzte bertsoak, eta haurrek ilusio handiagoz biltzen botatzen dizkieten goxo, intxaur eta sosak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun