Nolatan sortu zaizue proiektu hau lantzeko ideia?
Emozioak txikitatik ezagutzea eta erregulatzea ezinbestekoa iruditzen zaigunez, amets batetik sortu den ipuina egin dugu lehenbiziko. Helburu ezberdinak ditu liburu bakoitzak, baina denek emozioen ildoari jarraitzen diote. Emozioak txikitatik landuz gero, gizarte hobe baten jabe izanen garela uste dugulako sortu da bilduma hau egiteko ideia. Bestalde, Barañainen emozioak lantzeko tailerrak egin ditugu 8-9 urteko gaztetxoekin eta esperientzia hartan oinarrituz, lanean jarraitzeko materiala sortzen ari gara.
Zer aurkituko dugu lehenbiziko ipuinean?
Natura eta animalia txiki batek sortzen dituen emozio ezberdinak aztertzen dira. Horrez gain, ez ohiko familia bat da protagonista, ama eta bere bi seme-alabak hain zuzen ere. Hor ere gaur egungo errealitate bat islatzen da.
Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu duzue. Eta laster ingelesez...
Mitologia liburuak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu genituen euskaraz ez zekiten euskaltzaleak ere badirela konturatu ginelako, eta harrera ona izan duenez, berdin jarraitzea erabaki dugu. Ingelesarena, berriz, kasualitatez izan da, izan ere, EHUko UASC programakoak gurekin kontaktuan jarri ziren itzulpenak egiteko baimena eskatuz. Hitzarmen bat sinatu genuen eta itzulpen baimenaren ordainetan, testuak gure esku jartzen dituzte, argitaratu ahal izateko.
Zein gai landu nahi dituzue?
Natura zaintzearen garrantzia, animaliak maitatzea, komunikazioa... Gai anitz izanen dira, irakurketaz gozatzeaz gain, ikasbide bat ere islatzen delako.
Zenbat liburu argitaratzea aurreikusia duzue?
Hori argitaletxearen esku dago. Guk dagoeneko baditugu bospasei prestaturik, baina azkenean, argitaletxeak du argia ikustearen giltza. Aurten, ziurrenik, hiru argitaratuko ditugu. Lehenbizikoa argitaratua dugu, eta maiatz alderako bigarrena izanen dugu kalean. Dena ongi joanez gero, azaro alderako hirugarrena kaleratuko dugu.
Ez da hiruren artean egin duzuen lehenbiziko lana. Nolako erantzuna izan dute euskal mitologiari buruzko ipuinek?
Oso-oso kontent gaude. Online moduan, lehenbiziko hiru egunetan 12.000 deskarga izan genituen, eta liburu fisikoan beste hainbeste saldu dira. Nola pentsatuko genuen gure etxeko txikientzat sortutako ipuinek halako arrakasta izanen zutenik? Frantsesera ere itzulia dugu mitologiako lehenbiziko liburua eta bruselarrei interesatu zitzaienez, liburuaren aurkezpena egiten bertan izana da Asun.
Nola ikusten duzu haur literaturaren egoera?
Nik uste poliki-poliki aurrera doala, baina ez da erraza. Liburu bat sortzeak lan handia dauka, eta dudarik gabe, argitaratzea oraindik zailagoa da. Kalitatea eta jendeak izan dezakeen onarpena kontuan hartzen dira eta ez da erraza tartea egitea.
Etorkizunera begira zein asmo dituzu?
Hasteko, maiatzerako bildumako bigarren liburuaz gain, beste liburu bat ere argitaratzeko proiektua badugu. Nerabeendako genero nobela biografiko bat prest dugu, baina oraingoz, ezin dut gehiago aurreratu. Maiatzera arte itxaron beharko duzue!