Gazte Asanbladak dioenez, «emakumearen egoera aldatzea, ez da emakumearen ardura bakarrik, gizarte osoarena baizik. Askotan ikusten dugu feminismoa, emakumeetara mugatzen dela, eta hori hanka motz gelditzen da. Egia da, emakumeek lanketa sakon bat egin behar dutela, ahalduntze eta berdintasuna lortzeko, baina hau ez da benetan lortuko, beste aldeak, gizonezkoen aldeak, bere lanketa propioa egiten ez badu, feminismo eta berdintasunean hezitzen ez bada».
Egoera honi aurre egiteko antolatu ditu Gazte Asanbladak larunbaterako ekitaldiak. Doneztebeko kiroldegian, emakumeentzako autodefentsa tailerra izanen da 09:00etatik 14:00etara, Emagin elkartearen eskutik eta Malerrekako mankomunitatearen laguntzarekin. «Beharrezkoa ikusten dugulako, emakumeak bere egoeraz kontzientziatzea eta erasoei modu pertsonalean aurre egitea», dio Asanbladaren oharrak. Lekua mugatua denez, izena eman beharra dago, horretarako zenbaki honetara deitu behar duzue: 948451746.
Bertze aldetik, aipatu bezala,lanketa hau ez da bakarrik emakumeen ardura, eta horrexegatik, mutilentzako Maskulinitate berriak tailerra antolatu dute, Emagin elkartearen eskutik. Malerrekako Gazte Asanbladatik aipatu dutenez, «gizonezkoak, zapaltzaile diren heinean, beharrezkoa da hori identifikatu eta heziketaren bitartez ekiditea».
Kasu honetan, tailerrak ez ditu plaza mugatuak izanen, eta Elgorriagako Ostatuan emanen da martxoaren 25ean, 10:00etatik 14:00etara.