Iturengo eskolarako sukaldaria eta zaintzaile bila deialdia egin dute

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 22a, 08:04

Ordezkapenak egiteko zerrendak ere osatuko dituzte eta martxoaren 31 arte bidal daitezke proposamenak 

Iturengo Pulunpa eskolan sukaldaria eta zaintzaileak kontratazeko deialdia ireki dute. Bi kontratazio deialdi egin dituzte: bat sukaldaria aukeratzeko eta bestea zaintzaileak aukeratzeko. Momentuan sukaldari bat eta bi zaintzaile kontratatzeko asmoa dute. Proposamenak martxoaren 31 bitarte aurkez daitezke eta paperak Iturengo eskolan hartu behar dira. Informazio gehiago 948 451554 telefonoan.

Guraso Elkarteko langile bezala kontratatuko dituzte eta ez autonomo gisara. Kontratuak urritik maiatzera izanen dira. Sukaldariari irailera eta ekainera luzatzen ahal zaio kontratua, beharren arabera (zaintzaileei, ez dago aurreikusia luzatzerik).

Sukaldaria egunean sei ordurako kontratatuko da (astelehenetik ortziralera) eta zaintzaileak bi ordurako egunean (astelehenetik ortziralera asteazkenak ezik). Bazkaria eskolako sukaldean bertan prestatu beharko da.Sukaldaritza zerbitzuan eta zaintza zerbitzuan sartuta dauden lanak edo eginbeharrak zehaztuta daude deialdian. Parte hartzeko eskaera eta beharrezkoa izanen den dokumentazioa aurkez­te­ko epea martxoaren 31 arte zabaldu da. Deialdian agertzen da zein ordutegietan eramaten ahal den dokumentazioa (eskaeraren kopia bat sinatuta eraman ­dezan aurkezten den pertsona bakoitzak).

Bi zati izanen ditu balorazioak: Lehenbizi aurkeztu den petrsona bakoitzaren merituak baloratuko dira (esperientzia, lanari buruzko formakuntza…). Gero, proba praktikoa izanen da.

Bi zerrenda eginen dira: bat sukaldari zerbitzurako aurkeztu direnekin eta bestea zaintzaile zerbitzurako aurkeztutakoekin. Puntua­zio gehien atera dutenetik gutxiena atera dutenera ordenatuko dira aurkeztu diren guztiak. Kontratuak puntuazio gehien atera dutenei eskainiko zaizkie. Besteak zerrendan egonen dira, beharren arabera eskaintzeko kontratazioa (zaintzaile gehiago behar badira, adibidez).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun