Emakumearen Eguneko emanaldi berezia eskainiko du Mendi Abesbatzak martxoren 10ean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2017ko martxoaren 9a

Mendi abesbatzako emakumeek eskainiko dute emanaldiaren zati nagusia eta azkenean, gizonekin batera kantatuko dute.

Ortziralean 20:00etan Kasiniko goiko aretoan

Emakumeak eta abesbatza musika. Bi horiek ongi loturik daude, izan ere, emakumeak baitira hemengo eta atzerriko abesbatzetan nagusi. Maiz gizonekin elkarlanean aritzen badira ere, emakumeak gehiengoa izan ohi  dira, eurek dira abesbatzetako protagonista nagusiak. Eta hori horrela izanik, Doneztebeko Mendi Abesbatzakoek ortzirale honetarako, hilak 10, arratsaldeko 8ak inguruan, herriko Kasino Elkarteko goiko aretoan emanaldi zinez berezia prestatu dute iaz hasitako bideari jarraiki, Emakumearen Eguna ospatzeko. 

Emanaldi laburra izanik ere, bertan musikaz  gain, pintura, bertso-olerkiak eta antzerkia ere izanen dira.  Guzia, abesbatzako emakume artisten eskutik. Mendiko gizonek ere egun berezi honetan parte hartu nahi izan  dute, eta horregatik, azkeneko kantetan emakumezkoekin batean ariko dira besta giroan.

Egunarekin lotutako doinuak aukeratu dituzte emanaldirako guziek, tartean, Mikel Markezek Uxue Alberdiren hitzekin sorturiko ‘Konplize ditut eta’ kantaren bertsio eta guzi. ‘Ñoño kanta’ herri doinua eta Pier Paul Berzaitz-en ‘Baratze bat’ ere kantatuko dute. Ondotik, emakumeek eta gizasemeek elkarrekin Rosanaren ‘Si tú no estás aquí’, Aita Donostisaren ‘Alduden gizonik ez’ eta ‘Guantanamera’ Kubako doinua abestuko dituzte.

Emanaldiaren ondotik, herrigunean afaria izanen dute.

 

Azken ekitaldiak Malerrekan

Emakumearen Egunarekin lotutako azken ekitaldiak eginen dira egunotan Malerrekan.

Martxoaren 11n, Zubietan Fatima filma eskainiko dute eskolan larunbatean 19:00etan eta 21:00etan afaria Herriko Ostatuan. Eratsunen, argazki erakusketa zabalduko da eta 21:00etan afaria Elietxe ostatuan.

Martxoaren 12an, Doneztebeko zineman igande arra­tsaldeko 6:30ean Testurak izeneko bertso saio literarioa. Gai jartzaile: Amaia Agirre. Bertsolariak: Oihana Iguaran, Saioa Alkaiza eta Ane Labaka.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun