Mari Jose Bereau eta Ernesto Dominguez, Ituren eta Zubietako alkateek sinatutako idatziak dioenez, «Inauteria da kultur espresio herrikoi bat eta bi dira haren benetazko protagonistak: joaldunak eta mozorroak. Iturengo eta Zubietako Udalek ez dute ospakizunaren antolakuntzan nahiz finantzaketan parte hartzen».
Oharrak dioenez, «animalia hilak erakustea ez dago jaiaren ondare-kulturalaren baitan eta Udalak erabilera horren aurka daude. Gainera, konpromisoa hartzen dute animalien babesari buruz indarrean dagoen araudiaren betetzea zaintzeko; betiere, bere eskumenen esparruan eta esku dauzkaten baliabideekin».
Aldi berean, Ituren eta Zubietako Udalek ez dute onartzen «zenbait pertsona zein talde animalistak sare sozialetan eta agirietan egin duten irudien erabilera interesatu eta manipulatua —aurreko urteetako eta beste herrietako jaietako argazkiak sartuz—, itxura faltsu hau ematea helburu: ospakizunaren muina osatzen duela hilotz, odol eta erraien akelarre batek».
Bi herri hauetako bizilagunei zuzenduta, sare sozialetan argitaratu eta Udaletxetara bidalitako gorroto adierazpen, irain eta mehatsu guztiak gaitzetsi dituzte Ituren eta Zubietako Udalek eta haien aurka, bidezko lege-ekintzak abiaraztea aztertzen ari dira.