Ortziralearekin, baserriz-baserri eskean ibiltzen dira gazteak eta ezaguna du hori Mirenek, zortzi urtez ibilia baita baserriz-baserri. Gaur egun, ordea, parrandarako mantalaren ordez, etxeko mantala janzten du egun horretan, bere etxean hartzen dituelako etxez-etxe dabiltzan gazteak: «gero eta gazte gehiago eta baserri gutxiago zirelako» utzi zion eskean ibiltzeari, eta orduan hasi zen «etxean gosaria ematen. Orain, ortziralearekin etxean gelditzen naiz dena antolatzen». Gainera, horixe omen da inauterietatik gehien gustatzen zaiona: «ortziralean, etxera gosaltzera etortzen direnenean, gazte guztien elkartzeko lekua nire etxea da eta hor sortzen den giroa ederra delako». Beraz, mantalaren helburua edozein dela ere, inauterietako gogoa ez du galdua: «urtero bezala, ilusio berdinarekin jarraitzen dut», dio. Inauterietan zerbait aldatu baldin bada, hori parte-hartzea izan dela uste du: «ttikia nintzenean baino jende gehiagok parte hartzen du otorduetan eta desfilerako karrozak egiten».
Besta egunez eta gauez
Besta bai, baina lana ere bai. Dena ez da parranda inauterietan. Hala ere, lanari neurria hartzen omen dio: «lana eta besta uztartzen ditut». Eguneko eta gaueko besta «biak» gustuko dituela ere aipatu digu eta gaueko besta noiz arte luzatzen ahal den galdetuta... «gosarira arte», erantzun digu. Hortaz, aurten ere egunez eta gauez ikusiko dugu seguruenik Miren, eta hori bai, mozorrotuta. Aurtengo mozorroa ere prest duela aitortu digu, nahiz eta ez digun aurreratu zein izanen den. Baina gonbitea luzatu du: «orain arte animatu ez direnak parte hartzera gonbidatu nahi ditut». Eta behin animatuta, «ongi pasa inauteriak!».