Herriz herriko bazkideen bestekin hasi da Arkupeak elkartea

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 30a, 12:56
Aurten herrian bertan egin dute ospakizuneko bazkaria eta mus txapelketa Eratsungo bazkideek. Argazkia: Fernando Etxeberria

Eratsunen, herrian bertan egin zuten ospakizuna igandean eta 29 bazkidek parte hartu zuten

Arkupeak elkarteko herriz herriko bestak antolatzen dituzte urtarrila, otsaila eta martxoan. Zenbait herritan mus txapelketak jokatzen dituzte eta besteetan dantzaldia ere izaten dute.  Urtarrilean Ezkurra eta Eratsungo jaiak egin dituzte

 

Urtarrilaren 22an egin zuten Ezkurrako jubilatuen urteko jaia. Aspaldiko urteetako ohiturari eutsiz, hildako kideen omenez meza izanzuten eguerdian eta ondotik, Barranka Ostatuan bazkaldu zuten. Aurten, gauza bat dela eta bestea dela (ebakuntzak, gripea eta bestelako eragozpenak) hamabost lagun bakarrik bildu ziren. Argazkilariak ere huts egin zuen eta horregatik ez dago bilkuraren argazkirik.

Eratsungo jubilatuek suerte gehiago izan zuten urtarrilaren 29an. Hauek ere hildakoen omenez egindako mezarekin hasi eta gero herriko lokal batean bildu ziren bazkaltzera eta mus txapelketa jokatzera. Eratsunen ez dago ostaturik eta azken urteetan Ezkurrako Barrankan eginak zituzten hauek ere ospakizunak, baina aurten herrian bertan egiteko aukera izan dute. 29 bazkidek parte hartu zuten, aspaldiko urteetako kopururik handiena.

Bazkalondoan mus txapelketa jokatu zuten eta Migeltxo eta Javier suertatu ziren txapeldun, finalean Emilio eta Jose Luis-i irabazita. Migel eta Juanito hiruga­rren izan ziren eta Tolare eta Calixto laugarren.

 

Otsailean eta martxoan

Otsailean, Baztangoiza, Urdazubi, Zugarramurdi, Almandoz, Berroeta, Aniz, Arraioz, Oronoz, Oieregi, Narbarte, Legasa, Doneztebe, Gaztelu, Oiz, Urroz, Elgorriaga, Ituren, Leitza, Areso, Etxalar, Arantza eta Igantziko ospakizunen txanda izanen da eta martxoan, Sunbilla, Elizondo, Elbete, Lekaroz, Gartzain eta Iruritakoena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun