«Zortzikoa nahitaez jo beharreko pieza da»

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 27a, 08:40

Josetxo Lekarozek hamar bat urte daramazki akordeoia jotzen inauterietan.

Josetxo LEKAROZ  |  Aurtizko akordeoilaria

Hamar urte inguru daramatza inauterietan akordeoia jotzen

Josetxoren akordeoia ezaguna da inguruko inauterizaleen artean «urte askoan ­ibilia naiz joareekin baina adinean ­aurrera nindoala ikusita joareak utzi eta akordeoia hartu nuen, hamar urte baino gehiago dira akor­deoiarekin ateratzen naizela». Inauterietako egun guztiak bizi ditu «egun horiek sakratuak dira guretzat. Aski politak dira». 

 

Eguna ongi hasteko «goizetako gosaria beharrezkoa da. Hagitz giro ona izaten da eta jende aunitz iza­ten da». Gosariaren ondotik, joaldunak puskak biltzera ateratzen direnean hasten da Josetxo akordeoia astintzen «kanpotik etorritako soinujole bat ere izaten da nirekin batera, gehienetan Joxe Angel». Otordu guztien aitzinetik eta gibeletik ere soinua jotzen aritzen dira ­ordu txikiak arte «Aurtizen nahiko zin­tzo erre­tiratzen da jendea, aunitzek hurrengo egunean joareak jo behar dituztelako».

Inauteritako egun berezienak «astelehena eta asteartea» izaten direla dio. Azaldu ­digunez «gosaldu, joareak paratu eta puskak biltzen ditugu herriari buelta emanez eta horren ondotik itzulia egiten dugu Iturenera eta Zubietara». Joaldunen ondotik joan ohi dira akordeoilariak «kalejira jotzen dugu bidean» eta plazako ekitaldiaren ­ondotik joaldunak saldak hartzera joaten direnean plazan giroa jartzea izaten da beraien ­ardura «jota batzuk eta zortziko batzuk jotzen ditugu». Zortzikoa «nahitaez jo ­beharreko pieza» dela dio «Zortzikoa da gauza bat nola Ituren, ­nola Zubieta eta n­ola­ Aurtitzen dantzatzen dena».

Akordeoia prest du eta bere etxe ingurutik igarotzen denak ­dagoeneko entzun ahalko ditu inauterietako doinuak. Luzaroan iraunen duten doinuak, ez baitu zalantzarik «inauteria mantendu da, ­mantentzen da eta nik uste mantenduko dela. Oso gurea den zerbait baita, ttiki ­tti­kitatik hartzen den ohitura».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun