Mendi Abesbatzak eta Donostiako Udal txistulariek kontzertua eskainiko dute abenduaren 16an

Ttipi-Ttapa 2016ko abenduaren 14a

Mendi Abesbatzak prest du Eguberrietako kontzertua.

Agorreta Musika Eskolako abesbatzako ikasleek ere parte hartuko dute emanaldian

Doneztebeko Mendi Abesbatzak eta Donostiako Udaleko Txistulariek Eguberrietako kontzertua eskainiko dute abenduaren 16an, ortzirale arratsaldeko 8etan Doneztebeko elizan, Agorreta Musika eskolako Abesbatzaren laguntzaz.

 

Kontzertua Euskal Herrian dagoen txistulari talde profesional ia bakanenetakoa denak hasiko du Eguberriei eskainitako lau obra laburrekin, Jose Ignazio Ansorena Miner-en zuzendaritzapean: Urte Berri goiza (Jose Ansorena Eleizegi), Baserrietako olerki ituna (Luis Iruarrizaga), Bilantzikoa (Jose Ignazio Ansorena) eta Erregeak datoz (herri doinuak/Jose Ignazio Ansorena).

Segidan, Marta Uruñuelak zuzendutako Agorreta Musika Eskolako kantariak gehituko zaizkie elkarrekin hiru kanta herrikoi abesteko: Xarmengarria eta Uso zuria (Xabier Sarasola) eta Suhar (Juan Carlos Irizar). Kontzertuaren zati handiena Ion Irazokik zuzendutako Mendi Abesbatzak eta Donostiako Txistulari Taldeak elkarrekin emanen dute. Urtero egin legez, zati hau errepertorio berria aurkezteko baliatuko dute, Eguberri garaiari dagozkien kantei arreta berezia paratuz: Neskatx’ederra, Oñazez-Alduden gizonik ez edo Aritz adarrean herri abestiak eta La Navidad ya llegó (F. Moreno-Torroba Larregla). Eta noski, tartean guziontzat ezagun eta maiteak diren doinuak entzuteko parada izanen da, Birjiña Maite (Gotzon Aulestia) edo Sehaska Kanta (Klaudio Sagarzazu), erraterako. 

Kontzertuaren sarrera doakoa izanen da. Aitzakiarik ez beraz, Donezteben musikarekin gozatzeko!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun