Santa Luzia Feriak tradizioa eta elkartasuna bilduko ditu Donezteben

Ttipi-Ttapa 2016ko abenduaren 7a

Igande honetan izanen dira eskulangileak Donezteben eta omenaldia asteartean eginen da.

Eskulangileen feria eta Miren Amurizaren bertso emanaldia igandean ospatuko da eta titarearen ekitaldia datorren asteartean 

Abenduaren 11ko hitzordu garrantzitsua izaten da Santa Luzia eguna Donezteben, eta ohiko ospakizunaz gain, minbizia duten umeak laguntzeko elkarteei bideratutako  elkartasun ekimena gehitu behar zaio. Erreka Guraso Elkarteak antolatu du Elkartasun Merkatua. Bertan liburuak, jostailuak eta bertze gauza batzuk hagitz prezio sinbolikoan erosteko aukera izanen da. Merkatutik ateratako dirua gehi zinema emanaldietatik jasotako ekarpena elkarte horiei emanen zaio (ikerkuntza edo bertze erabilpenerako).

 

Egun horretan ere Santa Luziako plazan Malerrekako eskulangileen erakusketa eta salmenta antolatuko da (12 bat postu paratuko dira). Udalak feria honekin bertako eskulangileen lana bultzatu eta neguko hitzordu berezi hau bultzatu nahi du. Eguna borobiltzeko arratsaldeko 6:30ean Kapulana bat zintzilik bertso emanaldia antolatu du. Miren Amurizak eskainitako emanaldi gustagarria zinema aretoan izanen da. Bertan Mozanbike-Euskal He­rria lotzen dituen kontakizunak eta hausnarketak ipuin eta bertsoen bidez gozatzeko aukera izanen da.

 

Jostunei omenaldia asteartean

Abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, aurreko urtetan bezalaxe, herriak bertako jostun bat omenduko du. Tradizioari segituz, zilarrezko titarea oparituko zaio aurtengo protagonistari. Ekitaldia mezaren bukaeran izanen da eta ondoren lun­txa ere eskainiko zaie omen­­duari eta bertara­tzen direnei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun