Azpimarratu nahi dute «herritarrak garela hondakinen inguruko araudiak bete behar ditugunak, eta araudi horiek hondakinak bereizi eta dagozkien edukiontzietan behar den bezala sartzera behartzen gaituztela. Gainera, hondakinak birziklatuz, ingurumena zaintzen eta klima-aldaketa gelditzen lagunduko dugu».
Kanpaina honetan bilerak eginen dituzte herri guztietan konposta nola egiten den azaltzeko eta beharrezkoa den materiala banatzeko. Lehenbizikoa azaroaren 21ean eginen dute Zubietan, hilaren 22an Donezteben, 23an Elgorriagan, 24an Iturenen eta 25ean Sunbillan. Datozen asteetan ere herriz herri ibiliko dira informazioa eta materiala banatzen.
Bertzalde, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak, materia organikoa bereizten dutenei, tratamendu tasa murrizteko erabakia hartu du, bai etxe edo auzoko konpostagailuan, bai edukiontzi marroian sartuta. Eta laster izanen dugun Nafarroako Hondakinen Legeak, “Kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioari jarraituta, kanon bat (zerga bat) aplikatzea aurreikusten du zabortegira joanen den hondakin tona bakoitzeko, hau da, zaborrontzi berdean nahasita bilduko direnengatik. Eta denen artean ordaindu beharko dugu.
Beraz, inoiz baino argiago geratzen da, hondakinak bereiztea gero birziklatzeko ingurumenarentzat onurak izateaz gain ekonomikoak ere badituela.
Horregatik guztiagatik, Mankomunitatetik aipatu dutenez, «zure herrian eginen den bilerara etortzera animatzen zaitugu. Ezin bazara egun horietan etorri, deitzen ahal duzu 670 522 975 telefonora Mankomunitateko teknikariarekin harremanetan jartzeko».