Alemaniako Ensemble Nobiles boskoteak Donezteben kantatuko du azaroaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2016ko urriaren 28a

Ensemble Nobiles boskotea kantuz ariko da azaroaren 1ean Doneztebeko elizan.

Tolosako Abesbatzen Nazioarteko txapelketan ari direla aprobetxatuz, elizan kantatuko dute astearte arratsaldeko 7etan

Azaroaren 1ean, asteartea, arratsaldeko 7etan Doneztebeko Elizan maila goreneko abesbatza musika adituko da. Asteburu luze honetan Tolosan 48. Abesbatzen Nazioarteko Txapelketa ospatuko da eta hori baliatuz, Nafarroako Abesbatzen Federazioak XXII. Abesbatzen Nazioarteko Zikloa antolatu du. Horren barrenean, Alemaniako Ensemble Nobiles gizon boskotea Doneztebera etorriko da bere onenak ematera. Kontzertua Nafarroako Abesbatzen Federazioak eta Doneztebeko Udalak antolatu dute Mendi Abesbatzaren laguntzaz. Sarrera dohakoa izanen da.

 

Ensemble Nobiles

Ensemble Nobiles 2006ko urtarrilean sortu zen. Taldekideek St. Thomas Boys Choir Leipzig abesbatzako kide zirenean ezagutu zuten elkar, bederatzi urtez Arte Ederrak ikasten zebiltzala. Beren errepertorioa Erdi Aroko abestietatik gaur egungo obretara arte doa. Bost musikari gazteek garrantzi handia ematen diete alemaniar musikagile erromantikoen lanei -Schubert, Schumann, eta Mendelssohn Bartholdy, adibidez- eta artista horien erlijio-musikako errepertorio zabalari.

Beste artista batzuekin lankidetzan dihardute, arrakastaz jardun ere: Manfred Schlenker, Volker Bräutigam, Fredo Jung, David Hamilton eta Jeremy Rawson musikagileekin, kasurako.

Ensemble Nobiles taldeak mintegietan ere parte hartu izan du, Werner Schüssler ahots-irakaslearen, John Potterren, The Hilliard Ensemble taldearen eta Ensemble Amarcord taldearen gidaritzapean.

2014an Ensemble Nobilesek Alemaniako Musika Batzordeko diru-laguntza bat jaso zuen, eta artista gazteentzako kontzertu-selekzio federalerako izendatu zituzten. Musikari gazte profesionalak aitortzen dituen ekimen bat da. Horrez gain, taldeak lehen saria jaso zuen Alemaniako 2014ko Abesbatza Lehiaketan eta ahots talde onenaren saria irabazi zuen Mariborko 13. Koru Lehiaketan (Eslovenia).

GENUIN diskoetxearentzat A German Mass CDa grabatu zuten. Hugo Distler CDa, aldiz, SJAELLA emakumezko ahots taldearekin lankidetza hertsian grabatu zuten, 2012ko urrian, RONDEAU etxean.

Ensemble Nobilesen kontzertuen zatiak hainbat herrialdetan igorri dituzte. Alemanian abagune garrantzitsuetan abestu dute, adibidez, Bachfest Leipzig ezagunean edo Schleswig-Holstein Musik Festival jaialdian; horrez gain, Australian, Zeelanda berrian, Singapurren, Suitzan, Frantzian, Norvegian eta Herbehereetan ere aritu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun