Malerrekako Kultur Ibilbideko azken emanaldia urriaren 29an eskainiko dute Saldiasen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urriaren 27a

Amaia Zubiria eta Edorta Amurua ama-semeek itxiko dute Malerrekako Kultur ibilbidea.

Larunbat arratsaldeko 6etan hasita, Zuberako Jean Bordaxar laukotea eta Amaia Zubiria eta Edorta Amurua ama-semeak ariko dira kantari

Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Doneztebeko, Urrozko, Iturengo eta Saldiasko udalek Malerrekako Kultur Ibilbidea antolatu dute. Kultur ibilbide hau antolatzen den laugarren urtea da. 2016ko edizio honetan ere programazio erakargarria eskaintzen ari dira Malerrekako eta inguruko biztanleei. Doneztebe, Urroz eta Iturengo emanaldien ondotik, azkenekoa urriaren 29an, larunbat arratsaldeko 6etan izanen da Saldiasko elizan. Zuberoako Jean Bordaxar laukoteak abestuko du lehenik eta Amaia Zubiria eta Edorta Amurua ama-semeek ondotik. Sarrera 5 euro ordaindu beharko da.

 

Azken emanaldia

Jean Bordaxar zuberotar kantaria, dantzaria, aktorea eta pastoral egilea da. Jean-Pierre Luro, Jean-Noel Pinque eta Robert Larrandaburu kantari zuberotarrekin laukotea sortu zuen, Pirinioetako modu tradizionalaren ildoan hiru eta lau bozetan kantatzeko a cappella.

Amaia Zubiriak ibilbide luzea darama euskal kantagintzan; 1977 urtean Haizea taldean parte hartu zuen, eta ordutik ibilbide luze bezain oparoa izan du. Azken urteetan, bere semea den Edortarekin hainbat kantaldi eman ditu, ahotsa eta gitarra soilaren soinua eskainiaz, beti ere intimotasun giro bat bilatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun