Malerrekako Kultur Ibilbideak hainbat ekitaldi ekarriko ditu urriaren 22an Iturenera

Ttipi-Ttapa 2016ko urriaren 20a

Palenka taldeak borobilduko du larunbat arratseko kultur giroa Iturenen.

Larunbat arratsean afari berendua, Telmo Iruretaren bakarrizketa eta Palenka taldearen musika emanaldia izanen dituzte

Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Doneztebeko, Urrozko, Iturengo eta Saldiasko udalek Malerrekako Kultur Ibilbidea antolatu dute. Kultur ibilbide hau antolatzen den laugarren urtea da. 2016ko edizio honetan ere programazio erakargarria eskaintzeh ari dira Malerrekako eta inguruko biztanleei. Aurtengo Kultur ibilbidearen hirugarren saioa Iturenen eginen da urriaren 22an. 

 

Egitaraua afari-merendu batekin hasiko da Tresanea ostatuan, 20:30ean. 22:00etan Minus ukittua bakarrizketa Telmo Iruretarekin eta 23:00etan musika emanaldia Palenka taldearekin.

Telmo Irureta aktore eta zine zuzendari zumaiarrak Gazteluko Ostatuan emanaldi bat eskaini zuen eta berriz ere Malerrekan bere talentuaz gozatzeko aukera izanen da.

Palenka taldea, berriz, Pavel eta Lenka bikoteak osatzen dute, Hendaian bizi dira eta Txekiar eta Eslovakiar errepubliketako musika eta euskal musika lan­tzen dituzte. Euskara ikasten ari dira.

 

Azken emanaldia

Urriaren 29an, larunbatean 18:00etan Saldiasko elizan Amaia Zubiria eta Edorta Amurua eta Jean Bordaxar laukotea ariko dira,  Malerrekako Kultur Ibilbideko azken emanaldirako sarrera 5 euro gostako da.

Amaia Zubiriak ibilbide luzea darama euskal kantagintzan; 1977 urtean Haizea taldean parte hartu zuen, eta ordutik ibilbide luze bezain oparoa izan du. Azken urteetan, bere semea den Edortarekin hainbat kantaldi eman ditu, ahotsa eta gitarra soilaren soinua eskainiaz, beti ere intimotasun giro bat bilatzen.

Jean Bordaxar zuberotar kantaria, dantzaria, aktorea eta pastoral egilea da. Jean-Pierre Luro, Jean-Noel Pinque eta Robert La­rrandaburu kantari zuberotarrekin laukotea sortu zuen, Pirinioetako modu tradizionalaren ildoan hiru eta lau bozetan kantatzeko a cappella.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun