Oliver Magic Show ikuskizunean, Oliver Magoak eta Evak, ume laguntzaileekin batera, gozaraziko digute magiaz betetako ikuskizun honekin.
Datozen emanaldiak
Kultur ibilbidearen hirugarren saioa Iturenen eginen da urriaren 22an. Egitaraua afari-merendu batekin hasiko da Tresanea ostatuan, 20:30ean. 22:00etan Minus ukittua bakarrizketa Telmo Iruretarekin eta 23:00etan musika emanaldia Palenka taldearekin.
Telmo Irureta aktore eta zine zuzendari zumaiarrak Gazteluko Ostatuan emanaldi bat eskaini zuen eta berriz ere Malerrekan bere talentuaz gozatzeko aukera izanen da.
Palenka taldea, berriz, Pavel eta Lenka bikoteak osatzen dute, Hendaian bizi dira eta Txekiar eta Eslovakiar errepubliketako musika eta euskal musika lantzen dituzte. Euskara ikasten ari dira.
Urriaren 29an, larunbatean 18:00etan Saldiasko elizan Amaia Zubiria eta Edorta Amurua eta Jean Bordaxar laukotea ariko dira, Malerrekako Kultur Ibilbideko azken emanaldirako sarrera 5 euro gostako da.
Amaia Zubiriak ibilbide luzea darama euskal kantagintzan; 1977 urtean Haizea taldean parte hartu zuen, eta ordutik ibilbide luze bezain oparoa izan du. Azken urteetan, bere semea den Edortarekin hainbat kantaldi eman ditu, ahotsa eta gitarra soilaren soinua eskainiaz, beti ere intimotasun giro bat bilatzen.
Jean Bordaxar zuberotar kantaria, dantzaria, aktorea eta pastoral egilea da. Jean-Pierre Luro, Jean-Noel Pinque eta Robert Larrandaburu kantari zuberotarrekin laukotea sortu zuen, Pirinioetako modu tradizionalaren ildoan hiru eta lau bozetan kantatzeko a cappella.