2014an egin zen lehen aldiz emakumezkoen ingude jasotze txapelketa eta Maika Ariztegi suertatu zen txapeldun. Iaz, aldiz, bigarren izan zen, Haizea Ziarrusta bizkaitarrak baino altxaldi bat guttiagorekin. Aurten, berriz ere txapela berreskuratu du Maika Ariztegik eta minutu eta erdian 10 kiloko ingudeari 93 jasoaldi eginez marka berria ezarri zuen. Karmele Gisasola bizkaitarrak 89 altxaldi egin zituen eta Lapurdiko Aurélie Vanschamelhoutek 83.
Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien egiten. Pronostikoak betez, Jon Lapazaran arabarra nagusitu zen, 89 jasoaldirekin. Bigarren posturako lehia gogorra izan zen, bai Berriozarko Imanol Martinek, baita Unai Ardeo bizkaitarrak 83na jasoaldi egin baitzituzten. Baina nafarra pisuz arinagoa denez, bigarren postua beretzat izan da.