Igande arratsaldeko 6:30ean Zizurkilgo udaletxearen aurrean dagoen probaleku irekian jokatuko dituzte txapelketak eta euria eginen balu, eliza ondoan dagoen pilotaleku txikian.
Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin ariko dira, minutu eta erdian ahalik eta jasoaldi gehien egiten. Nafar bakarra izanen da lehian, Berriozarko Imano Martin. Lapurdiko Nicolas Nérou, Arabako Jon Lapazaran eta Igor Armentia eta Bizkaiko Ioritz Pereira eta Unai Ardeo ariko dira. Joan den urtean txapeldun izan zen Josetxo Urrutia leitzarra ez da aurten ariko, apustu bat prestatzen ari delako.
Hiru emakume, minutu eta erdian10 kiloko ingudearekin ahalik eta jasoaldi gehien ematen saiatuko dira. Maika Ariztegi iturendarrarekin batera, Lapurdiko Aurélie Vanschamelhout eta Bizkaiko Karmela Gisasola ariko dira.
2014an egin zen lehen aldiz emakumezkoen ingude jasotze txapelketa eta Maika Ariztegi suertatu zen txapeldun. Iaz, aldiz, bigarren izan zen, Haizea Ziarrusta bizkaitarrak baino altxaldi bat guttiagorekin. Aurten ez da ariko Ziarrusta.