Zubietaren Euskararen Eguna ekitaldiz gainezka dator urriaren 8an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urr. 5a, 15:50

Aurten berriz animatu dira herriko ttiki eta gaztetxoak karaokea egiteko Euskararen egunean. Horretarako buru belarri ari dira prestatzen. Ea dena entsaiatu bezala ateratzen zaien, ikuskizun polita eskeiniko dute eta!

Bezperan ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte gazteek

Zubietako gazteek antolatutako Euskararen Egunak hainbat ekitaldi izanen ditu aurten. Urriaren 8a izanen da egun haundia, baina bezperatik ere bada non josta.

 

Urriaren 7an, ortziral arratsalde eta ilunabarrean triki-poteoa izanen da, baita pintxo lehiaketa eta argazki lehiaketa ere. Afalondoan, 22:00etan mus txapelketa jokatuko dute Herriko Ostatuan eta Errandonean kontzertua izanen da, Azken Trena taldearekin.

Urriaren 8an, larunbat goiz guztian zehar zonaldeko artisauek beraien lanen erakusketa eginen dute. 10:00 aldera trikitixarekin herrian buelta emanen dute. Gero joaldunak aterako dira. Eguerdian herri kirolak eta ondotik Muxikoak.

Goiz guztian zehar gazta eta magraren apostua egiteko aukera izanen da eta beti bezala, pisura gehien hurbiltzen denak etxeratuko ditu.

14:30 aldera herri bazkaria izanen da Alaia Martin eta Miren Amuriza bertsolariekin. Herrian buelta bat ere emanen dute bazkalondoan. 19:00etan haurren euskaraokea izanen da. 20:00etan dantzaldia Oharkabe taldearekin. 21:30ean xingar jatea izanen dute afaltzeko. 23:00etan Kontzertuak: La jodedera taldea eta Niarawa batukada. Ondotik, Euskararen Eguna akitzeko, dantzaldia Oharkaberekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun