Malerrekako Kultur Ibilbidea Donezteben abiatuko da igandean bertso marraztuekin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urriaren 4a

Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, eta Doneztebeko, Urrozko, Iturengo eta Saldiasko udalek Malerrekako Kultur Ibilbidea antolatu dute. Kultur ibilbide hau antolatzen den laugarren urtea izanen da. 2016ko edizio honetan ere programazio erakargarri bat eskaini nahi izan diegu Malerrekako eta inguruko biztanleei. Kultur Ibilbide hau urriaren 9an hasi eta urriaren 29an bukatuko da.

 

Urriaren 9an, igandean 19:00etan Doneztebeko zineman Bertso marraztuak izanen dituzte, bi bertsolari eta marrazkilari bat elkarrik segika.

Bertso marraztuak emanaldi berezia da. Karikaturgile batek (Unai Gaztelumendi) eta bi bertsolarik osatzen dute taldea. Karikaturgilea marrazten hasiko da, eginen dituen marrazkiak izanen dira proposatutako gaiak, eta bertsolariek hauen haritik tiraka eginen dituzte beren lanak. Atal desberdinak deskribatuko dituzte marrazkiek, egoera hipotetiko bat, aktualitateko gai bat... Horretaz gain, bueltan dauden pertsona batzuk hautatu eta hauen karikaturak eginen ditu karikaturgileak, bertsolariek nortasuna bilatzen saiatuko dira bertaratuen irriak eraginen dituztelarik.

 

Hurrengo emanaldiak

Urriaren 15ean, larunbat arratsaldeko 5etan Urrozko plazan (euria eginez gero frontoian) Oliver Magoa eta Eva izanen dira eta egunean zehar puzgarriak jarriko dituzte plazan.

Oliver Magic Show ikuskizunean, Oliver Magoak eta Evak, ume laguntzaileekin batera, gozaraziko digute magiaz betetako ikuskizun honekin: Bizitza berreskuratzen duten objektuak eta marrazkiak, ikusleek sortutako magia, errezeta magiko sinesgaitzak eta efektu berezi txundigarriak. Hau guztia umore, emozio, erritmo handi eta antzerki izaeraz beteta.

Kultur ibilbidearen hirugarren saioa Iturenen eginen da urriaren 22an. Egitaraua afari-merendu batekin hasiko da Tresanea ostatuan, 20:30ean. 22:00etan “Minus ukittua” bakarrizketa Telmo Iruretarekin eta 23:00etan musika emanaldia “Palenka” taldearekin.

22:00etan Telmo Irureta aktore eta zine zuzendari zumaiarrak bakarrizketa bat eskainiko

du, Minus ukittua izenekoa. 2015eko abenduan Gazteluko Ostatuan emanaldi bat eskaini zuen eta berriz ere Malerrekan bere talentuaz gozatzeko aukera izanen dugu.

Egunari amaiera emateko, Palenka taldeak kontzertua eskainiko du, Palenka taldea Pavel eta Lenka bikoteak osatzen dute, Hendaian bizi dira eta Txekiar eta Eslovakiar errepubliketako musika eta euskal musika lantzen dituzte. Euskara ikasten ari dira.

Urriaren 29an, larunbatean 18:00etan Saldiasko elizan Amaia Zubiria eta Edorta Amurua eta Jean Bordaxar laukotea ariko dira,  Malerrekako Kultur Ibilbideko azken emanaldirako sarrera 5 euro gostako da.

Amaia Zubiria eta Edorta Amurua: Amaia Zubiriak ibilbide luzea darama euskal kantagintzan; 1977urtean Haizea taldean parte hartu zuen, eta ordutik ibilbide luze bezain oparoaizan du. Azken urteetan, bere semea den Edortarekin hainbat kantaldi eman ditu, ahotsa eta gitarra soilaren soinua eskainiaz, beti ere intimotasun giro batbilatzen.

Jean Bordaxar laukotea: Jean Bordaxar zuberotar kantaria, dantzaria, aktorea eta pastoral egilea da. Zuberoako kantagintzari molde berriak ekarri dizkio Bordaxarrek, tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi bat eraikiz. Jean-Pierre Luro, Jean-Noel Pinque eta Robert Larrandaburu kantari zuberotarrekin laukotea sortu zuen, Pirinioetako modu tradizionalaren ildoan hiru eta lau bozetan kantatzeko a cappella.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun