Doneztebeko herri baratzeen zozketa eginen dute irailaren 24an

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 23a

Larunbat goizeko 9etan eginen da Aparango industrialdean eta erabiltzaileak lanean hasiko dira urritik aitzinera

Doneztebeko Udalak udaberrian aurkeztutako herri baratzeen proiektua urrian gauzatuko da, 20 lur eremu edo baratze izanda. Irailaren 24an partzelak zozketatu dira, larunbat goizeko 9etan Aparango industrialdean. Une honetan 20 bat lagunek eskatu dute partzela. Dena den, udalak jakinarazi du herri baratzea eskatzeko oraindik aukera badela. Horretarako Udal bulegoetatik pasa behar da eta dokumentazioa bete.

Herri baratzeen ekimena aurrera ateratzeko hilabete hauetan hainbat urrats eman behar  izan dira: udal ordenantza sortu eta onartu, Nafarroako Gobernura igorri eta baimenak eskuratu, arkitektuak egindako memoria eta antolakuntza landu, erakusketa publikoa… Hau guztia egin ondoren, abuztuan udalak herri baratzerako lur eremua garbitu eta txukundu du eta neurketak eta seinalizazioak egin dira.

 

Herri baratzeen ordenantza

Ordenantza honen xedea Doneztebeko udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea da. Erabiltzaileek zein Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek. Ordenantzaren barrenean honako puntu hauek jasotzen dira: aplikazio eremuak, eskumenak eta zaintza, kontzesio eta erabilerarako baimen araudia (baratzeen erabilera ematea, kontzesioa emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta kontzesioa erabakiko duen organoa, baratzeen erabilera, mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea, erabiltzaileek erabilerak bertzerentzea, aprobetxamendu-epea, kanona, fidantza, autoak erabiltzeko debekua, ureztatzeko uraren erabilera, baratzezaintza ekologikoa bultzatzea); erantzunkizunak, (kalteak eta galerak ordaintzea, kalteak konpon­tzea presazko egoeretan…) arau-hausteak eta kontzesioarekin bukatzeko arrazoiak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun