J, J, Q hirukoteak kontzertua eskainiko du abuztuaren 25ean Donamariko jauregian

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 12a, 07:38
Josetxo Goia-Aribek, Quique Simonek eta Jose Maria Pastorrek osatzen dute J, J, Q hirukotea.

Kultur programaren baitan, aitzinetik Beintza-Labaiengo gaztainadira bisita gidatua eskainiko da

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programak. Ekainaren 17tik irailaren 10era musika, dantza eta arteko 41 emanaldi prestatu ditu. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 39 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Abuztuaren 25ean, Donamariko jauregian kontzertua eskainiko du 20:00etan J, J, Q hirukoteak (Josetxo Goia-Aribe saxoarekin, Quique Simon pianoarekin eta Jose Maria Pastor bateria eta perkusioarekin). 

 

Emanaldi honekin lotutako bisita gidatua Beintza-Labaiengo gaztainadira eginen dute 18:00etan, Beintzako aterpetik abiatuta 18:00etan. Gehienez 20 lagun eta guttienez 4 bildu beharko dira ateraldia egiteko eta 6 euro ordaindu beharko dute. Erreserbak bezpera bitarte egin daitezke 659 477396 telefonoan (Orbela, Mikel Albisu) edo info@orbela-beintza.com helbide elektronikoan.

 

Lorategi bat lorategian erakusketa Bertizen

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko lorategi historikoan, ‘Lorategi bat lorategian’ erakusketa berezia egiten ari dira uztailaren 20tik irailaren 4ra, ostoak, adarrak, soinuak eta argazkiak bilduz. Alde batetik, Maite Ortega murtziarrak argazkiak erabiliko ditu, hari, lore, osto edo errekorte bidez aldatu eta bere nortasun propioa emanez. Lorategia eta memoria uztartuko ditu, erakusketa aretoa hartuko duen familia-zuhaitz baten bidez. Mikel R. Nieto donostiarrak, berriz, soinuarekin modu artistikoan egiten du lan, egoera espezifikoak sortuz. Leku bakoitzaren soinu-nortasuna ezagutzea du helburu. Horretarako, grabaketak eginen ditu lorategian eta inguruan, gordean dagoena eta somatzen ez dena agertaraziz. Sormen-prozesuaren bukaeran, lorategi berri bat agertuko da lorategian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun