Nafarroako erremonte txapelketako partida jokatuko dute abuztuaren 11n Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2016ko abuztuaren 10a

Urriza eta Uterga aurrez aurre ikusteko aukera izanen dute ortzegun arratsaldean Sunbillan. Aizpuru eta Etxeberria III izanen dituzte lagun gibeleko koadroetan.

Aitzinetik, eskuz lau eta erdiaren barrenean ariko dira Labaka eta Errandonea

Nafarroako XI Erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxkako partida jokatuko dute abuztuaren 11n Sunbillako udal pilotalekuan. Ez nolanahiko partida gainera, gaur egungo bi izan nagusiak, Urriza eta Uterga aurrez aurre izanen baitira. Iruñekoak Aizpuru III izanen du lagun gibelean eta Doneztebekoak, Etxeberria III. herritarra.

 

Pilota jaialdia ortzegun arratsaldeko 7etan hasiko da eta erremonte partidaren aitzinetik, eskuz, lau eta erdiaren barrenean ariko dira Labaka eta Errandonea aurrez aurre.

Joan den urtean, lehen aldiz jokatu zen erremonte partida bat Sunbillako pilotalekuan eta jendez gainezka ageri zen frontoia. Aurten ez da guttiago espero. Uterga eta Etxeberriarentzat ligaxkako hirugarren eta azken partida izanen da. Lehenbizikoa galdu egin zuten Lekunberrin, 27-30 Endika eta Ionen kontra eta bigarrena igandean irabazi Donezteben, 30-29 Ansa II eta Barrenetxea IV.ari. Urriza eta Aizpuruk lehen partida izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun