Endika eta Uterga izanen dira eskualdeko erremontelari bakarrak buruz burukoan

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 9a, 10:47

Buruz burukoan ariko diren erremontelariak aurkezpenean. Ion eta Segurola falta ziren.

Sei pilotari ariko dira hasierako ligaxkan, irailaren 10ean Galarretan jokatuko den finalerako txartel bila

Abuztuaren 8an aurkeztu zuten Hernaniko Galarreta pilotalekuan buruz buruko 34. Erremonte txapelketa. Sei erremontelari ariko dira aurten, bi multzotan banatuak. Xanti Uterga doneztebarra eta Endika Urrutia saldiastarra izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak. Ligaxka abuztuaren 13an hasiko da, larunbatean eta finala irailaren 10ean izanen da.

 

A multzoan, Urriza, Endika eta gaur Ion eta Segurolak jokatuko duten partidako irabazlea ariko dira. B multzoan, berriz, Uterga, Barrenetxea IV eta ortzegunean, Matxin III eta Aizpuru III.aren arteko partidako irabazlea.

Ligaxkako lehen partida larunbat honetan jokatuko dute Utergak eta Barrenetxeak. Multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak sailkatuko dira abuztuaren 7an eta irailaren 3an jokatuko diren finalerdietarako eta aipatu bezala, irailaren 10ean izanen da finala. Aipatzekoa da finalerdietan eta finalean, irabazlearen erremonte bat zozketatuko duela Oriamendik.

Urriza eta Uterga izanen dira final horretan aritzeko faborito nagusiak. Biek erran zutenez, “hau da txapelketarik garrantzitsuena, aunitz ematen ahal dizu, baina baita kendu ere”. Urriza da gaur egungo txapelduna eta laugarrenaren bila lehiatuko da. Utergak oraindik ez daki buruz buruko txapeldun izatea zer den.

Txapelketaren berri gehiago www.oriamendi2010.com webgunean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun